Itxi

Amarauna

Larunbata

Terrorismo matxista salatzeko martxa 'Amarauna' saioan

eitb.eus

200 autobus joango dira Euskal Herritik Madrilera genero indarkeriaren kontrako martxara. Gainera, Iker Vicente eta Ruben Saralegi aizkolari gazte txapeldunen balentriaren berri emango dugu.

Genero indarkeria terrorismotzat jotzen dute, eta estatu gaia izan behar duela aldarrikatu. Hainbat elkarte feministek Terrorismo Matxistaren kontrako martxa egingo dute Madrilen larunbatean. Euskal Herritik 200 autobus joango dira bertara, eta horietako batetik hitz egingo du Euskadi Irratiko 'Amarauna' saioan, Juntas y Revueltas elkarteko Larraitz Trinkadok.

Goizeko 10:00etatik 13:00era, eduki ugari ekarriko du Nagore Telleriak gidatutako lan-taldeak. 34.000 korrikalari bilduko dituen aurtengo Behobia-Donostia lasterketaren bezperan, proba horrek osasunarentzako dituen onurak azalduko ditu Alazne Mujika Deustuko Unibertsitateko Giza eta Gizarte Zeientzien dekanordeak. Kirol arloan, bisita berezia ere izango dute: bi aizkolari. Iker Vicente Nafarroako txapeldun gaztea eta Ruben Saralegi, harekin batera ohorezko mailara igo dena.

Podemos-Ahal Dugu alderdiak aste honetan deitutako prentsaurreko polemikoa (kazetariak azaldu ostean bertan behera geratu zena) hizpide izango dute argazkilariek asteko irudien errepasoan. Prentsaurrekoen aroaz egingo dugu gogoeta. Nazioarteko gaurkotasunari ere erreparatuko diogu Xabier Madariaga eta Arantxi Padilla, Paris eta Bogotako berriemaleekin.

Amaitzeko, esperimentu bitxiak, zientzilari eroak eta show-a. Gorka Otaegi lankidea Donostiako San Telmo Museoan izango da EHUk antolatzen duen Zientzia Astearen XV. edizioan.