Amarauna
Larunbatean
Inbestiduraren B aldea, gangak eta Musika-Música, 'Amarauna' saioan
B.F.
EiTB
Gainera, Martutenetik Logroñora dokumentalaz mintzatuko gara Gorka Rubio argazkilariarekin.
Espainiako Kongresuko inbestidura saioen B aldea aztertuz abiatuko dugu saioa Itziar Garcia soziologoarekin eta Estitxu Garai komunikazio adituarekin.
Arnaldo Otegi kaleratu berritan, bere 6 urteko kartzelaldiaz dokumentala egin du Naiz atariak: Martutenetik Logroñora. Gorka Rubio argazkilariarekin ikusiko dugu.
Xabi Solano, Amets Arzallus, Joxan Goikoetxea, Iñaki Salvador, Amaia Zubiria eta beste hainbat musikari batuko dira Donostiako Victoria Eugenian Landarbaso Abesbatzaren 25. urteurrena ospatzeko. Arratsaldean eskainiko duten emanaldiaren entseguetan izango gara eurekin hitz egiten.
Gangak bilatu nahi dituztenentzat, asteburu aproposa izango da hau, stock azokak antolatu dituztelako, besteak beste, Barakaldoko BECen eta Iruñeko Baluarten. Postuz postu ibiliko gara, preziorik onenen bila.
Bilbon, berriz, Musika-Música jaialdiak dakartzan doinuak jasoko ditugu Euskalduna Jauregian. Musika klasikoa herritarrei ezagutarazteko 75 kontzertu antolatu dituzte. 730 musikari profesional, Euskalduna Jauregian. "Erromantikoentzako zubia" deitu diote asteburuari. Schubert, Mendelssohn, Wagner eta Strauss aukeratu dituzte. Iñigo Alberdirekin egingo dugu entzunaldia.