Itxi

Amarauna

Memoria historikoa

Mari Carmen Mitxelena: 'Inork ez daki zer den hori'

Teodoro Mitxelena Zumeta faxistek erail zuten Espainiako Gerra Zibilean. Haren alabaren memorian bizirik dirau hainbeste urtez isilean gordetako historiak.

  • 24:37 min
imagen player
imagen player
imagen player

1936ko urriaren 24an, gaueko hamaika eta erdietan, etxera joan zitzaizkion bila Zarautzetik kamioian iritsitako falangistak Teodoro Mitxelena Zumeta oriotarrari.Getariara eraman eta bertako kanposantuko hormaren kontra jarrita erail zuten. Haren gorpuaren arrastorik ez dute oraino aurkitu, baina memoriaren hariak bizirik gorde du Mitxelena Zumetak sufritu zuena haren alaba Mari Carmenengan. Aita erail zutenean, bost hilabete baino ez zituen, ezertaz jabetzeko txikiegia zen. Amak ez zion askorik kontatu gertatutakoaz, baina urtero joaten ziren elkarrekin, Domu Santu egunean, Getariara, meza entzutera, aita gogoan. Eta gaurdaino ez dio urteroko hitzorduari hutsik egin.

Getarian, gutxienez, lau lagun fusilatu zituzten frankistek. Haien gorpuak aurkitzeko indusketak egin dituzte berriki kanposantuan, nahiz eta, momentuz, ez dituzten aurkitu. Hain zuzen ere, Nika Lertxundi Getariako alkateak ahalegin berezia egin du udaleko talde guztiak memoria historikoa berreskuratzeko lanean inplika daitezen. "Zehatz dezagun, ahalik eta sinesgarritasun gehienarekin, gertatutakoa", gaineratu du. Mari Carmen Mitxelena "giza liburu" bat da, Lertxundik esaten duen moduan. Baita Juan Eizagirre Ulazia ere. Ume koskorra zen 1936an, baina ondo gogoan ditu kanposantuko atean odol putzua eta balak. Beraien kontakizuna jaso du Jon Artanok erreportaje honetan.