Amarauna
Igandean
Matxalen Ziarsolo 'Amarauna'n igandean, Sabino Arana sarien egunean
L.B.
EiTB
Erretiroa hartu eta hilabete gutxira jasoko du Sabino Arana saria emakumezkoen eskubaloian eredu izateagatik. Profesional mailan 14 titulu eskuratu ondoren, langabezian dago orain.
-
Matxalen Ziarsolo. Argazkia: EiTB
'Amarauna' saioan izango dugu Matxalen Ziarsolo igandean. Bera izango da Sabino Arana saria jasoko duen pertsonetako bat, baina ez bakarra. Orbea bizikleta etxea ere sarituko dute; 175 urteko bidea egin du eta 65 herrialdetan saltzen ditu bizikletak. Hauek dira beste sarituak: 'Guernica' margolana, Gasteizko Egibide prestakuntza zentroa, Pedro Luis Uriarte ekonomia itunaren aita eta Tolosako Ekinbide Etxea. Sabino Arana Fundazioko arduradunen esanetan, "Euskal kultura 50 urtean zabaldu duelako eta Tolosako hiria munduko kultura aniztasunaren iturri eta topagune bilakatu dituelako" jasoko du azken horrek saria; izan ere, horri esker, "Tolosa kulturaren mapamundian dago", nazioartean oihartzun zabala duten ekimenak bultzatu ohi dituelako; Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa, Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia (Titirijai) eta TOPIC (Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa), besteak beste.
Ikusleen saria jaso duen erakusketa bat ere bada Iruñean: 'Amaiur, azken gaztelua'. Erakusketa ikustera joango gara igandean. Sekulako arrakasta izan du. 11 astean, 16.500 lagunek ikusi dute Condestablen jarrita dagoen erakusketa, eta, hori dela eta, luzatu egin dute. Beste astebetez egongo da zabalik Iruñeko Udalak eta Aranzadik antolatutako erakusketa.
Erakusketak Memoria partea du batetik. 1522ko gertaerak nola kontatu diren, kontatzeko moduak, historia jasotzeko erak... Munizioa, ezpatak, setioan jandako animalien hezurrak, ahoarekin jotzen den harpa moduko bat, Erdi Arokoa, edota soldaduek guardiak egin behar zituztenean eta asperraldietan egindako egurrezko tailuak erakusten ditu. Xabier Sukia lankideak erakutsiko dizkigu horiek guztiak.
Igandean, 10:00etatik 13:00etara, 'Amarauna' saioan kateatuta geldituko zara.
zara.