Amarauna
Samara Velte, Manadaren epaiaz
'Inflexio puntua bai, baina ospatzeko ezer gutxi'
Samara Velteren 'Nik sinesten dizut' liburua oinarri hartuta, 2016. urteko sanferminetako talde bortxaketa aztertu du Veltek berak, Onintza Enbeitarekin eta Arantxa Urretabizkaiarekin batera.
-
Samara Velte
30:08 min
Duela hilabete eta erdi argitaratu zuen Nik sinesten dizut. Bortxaketaren kultura eta sanferminetako kasua liburua Samara Velte Berria-ko kazetariak. Auzitegi Gorenak sexu-erasoa izan zela ebatzi du 2016ko sanferminetan Madrilgo emakumeak jasandako bortxaketa. Hamabost urteko zigorra izango dute beraz bost bortxatzaileek, eta jada kartzelan daude.
Epaiak intimidazio eta indarkeria zer den interpretatzeko irizpide aldaketa ekarri du. Samara Velteren arabera, hartu duten erabakia, ikuspegi juridikotik logikoena da. Inflexio puntua denik ez ordea, gizartean ikusi diren garaipen mezuak kezkagarriak iruditu baitzaizkio. Prozesuan izan diren erabakiek, biktimaren eskubideak ez zaintzeak eta entzun diren argudio matxista eta patriarkalek, epai bat itxi baino galdera asko sortu dituela adierazi du kazetariak.
Hiru urteetan ikasi ere egin duela gizarteak azpimarratu du Arantxa Urretabizkaiak, biktimak ordaindu duela dio gainontzekoei dohan irten ziagun bitartean, eta horrekin orain sexu-gehiegikerien inguruan gehiago dakigula adierazi du. Onintza Enbeitak, bere aldetik, horrelako kasuak frogatzeko beharra jarri du ezbaian eta 'Nik sinesten dizut' mezua garbi izan behar duela biktimak.
'La Manada' izenez deitzeak ere baduela matxismotik dio Samara Veltek, gizonek beren instintu hori ezin diotela eutsi esan nahi duelako termino horrek, eta ondorioz ez genukeela erabili beharko. Sexualitatearen iguruan dauden topikoak indartzen duela 'Manada' hitzak dio, instintuaren ideia hori indarten du eta justifikatzeko erabil daitekeela. Askotan biktimarengan jartzen dela begirada, eta ez duela horrela izan behar dio Veltek.
'Ezetz ezetz da' oker dago. Samara Veltek salatu du biktimak baimendu duen aztertzen dela prozesu askotan, ezezkoa ahoskatzearen zain. Horrek tartean egon den eta gertatzen den guztia baimentzen duela onartzen du jende askok, eta idazlearen arabera, boterea alde bakarrari ematen diola, gizonezkoari alegia. Enbeitaren esanetan, norbait deseroso dagoela jakiteko ez da hitzik ere behar askotan, jarreran garbi ikus daiteke.