Amarauna
Igande honetan
Mañuetako mahats-biltze festaz eta Ega Master enpresaz, igandeko 'Amaraunean'
Euskadi Irratia
Donostiako Zinemaldiko sarrerak erostera ere joango gara, goizeko 09:00etan jartzen dituztelako salgai.
-
Mahatsak
Donostiako Zinemaldiak igandean, goizeko 09:00etan, jarriko ditu salgai aurtengo sarrerak, eta hara hurbilduko gara 'Amarauna' saioan. Asko zain-zain izaten dira. Internet bidez erosi litezke, baina oraindik batzuk nahiago izaten dute Kursaaleko leihatiletan erostea. Batzuk ordu mordoxka igarotzen dituzte, gainera, atarian ordua iritsi zain jarrita. Haiekin hitz egitera joango da Jexus Artetxe lankidea.
Mañuetara ere joango gara, han mahats-biltze eguna ospatuko baitute, eta hantxe bertan izango dugu Mikel Garaizabal gure enologoa.
Eta Arabatik atera gabe, Ega Master enpresa bisitatzeko asmoa dugu. Eskuko erremintak egiten dituzte eta beraien produktuak munduko 150 herrialdetara saltzen dituzte. Euskal Herrian ez da horrenbeste herrialdetara saltzen duen beste enpresarik. Ane Agirre lankidea izan da nola lan egiten duten ikusten.