Itxi

Amarauna

Kataluniako protestak

Kataluniako biharamuna sei ahotsetara

Cornelláko politologoa, Viceko unibersidadeko soziolinguista, arte zuzendaritzako ikaslea, Argentonako institutuko irakaslea, bankuko bulegaria eta zinegilea aritu zaizkigu protestetan bizitakoez.

  • Bartzelona manifestazioa urriak 19

    Bartzelonako kaleetan askatasunaren martxak manifestazioa

    28:44 min
imagen player
imagen player
imagen player

Germá Martí politologoa 6. zutabean iritsi zen atzo Bartzelonara Casteldefelsetik. Egun bakarrean bi egun desberdin izan zirela kontatu digu. Egunez, martxan alaitasuna nagusi izan zela kontatu digu, itxaropenez iritsi zela Bartzelonara baina gero etsipenak jota bueltatu dela etxera, agintari politikoen erantzun ezagatik eta istiluengatik. Polizia arratsaldean oldartzen hasi zela dio berak eta jarrera hori izan zela jendea lehertarazi zuena. Behin egoera hainbeste gaiztotzen denean oso gaitza da baretzea bere ustez.

Beñat Garaiok hizkuntzaren soziologiako ikerlariak Vicetik Bartzelonako martxa egin du hiru egunez. Bidean, martxak autopistako 8 errail hartzen zituela kontatu digu. Nabarmena zela bidean Bartzelonan ez zirela kabituko eta jendetza izango zela. Bidean elkartasun handia topatu dutela kontatu digu, txalo artean hartu dituztela herri askotan eta oso gutxi izan direla irainak egin dizkietenak. Gero penaz ikusi du nola geratu den desitxuratuta hain protesta jendetsua iluntzean izan ziren istiluengatik.

Jone Zabala orain hilabete iritsi zen Bartzelonara arte zuzendaritza ikastera eta aste guztian hartu du parte protestetan. Katalunia plazara aurrena eta gero El Prateko aireportura joan zen astelehenean procesaren gaineko sententzia jakinarazi orduko. 19 kilometro egin zituzten oinez aireportua blokazeko.  Sagrada Familia alboan bizi da bera eta aste guztia zalapartatsua izan dela kontatu digu. Kalean pilatu den indarrari bide eman behar zaiola uste du berak, bestela arazoak sortuko direla.

Nerea Elorriaga Argentonako institutuko irakaslea da, Gironatik abiatutako martxarekin bat eginda iritsi zen Bartzelonara. Egun guztian soinean izan zuen indarra gaueko istiluak ikusita erabat zapuztu zitzaiola kontatu digu. Inmobilismo honek erre egiten duela kontatu digu, baina kataluniarrek ez dutela amore emango. Triste dagoela aitortu digu, poliziaren eta liskar eragileen indarkeria ikusita. Martxan zihoazela, manifestariek erasoka ari ziren gazteei kontu hartu zietela kontatu digu eta gazteek oso modu bortitzean erantzun zietela martxa baketsuan ari zirenei. Manifestazioak egin arren, ez dutela ezer lortu ere aitortu digu eta oso haserre dagoela.

Monica Juaristik banketxe bateko web atarian kudeaketan egiten du lan. Banketxea ez zuten itxi greba egunez, baina bera ez zen lanera joan.  Sant Cugaten hasi zuen martxa berak eta 25 kilometro egin zituen Bartzelonaraino. Ume, heldu, zakur, oso lasai joan zirela kontatu digu eta oso egun ederra izan zela, batez ere Bartzelonarako iritsiera.  Herritarrek egin beharrekoa egin dutela uste duberak eta orain  orain instituzioen txanda dela.

Eneko Dorronsoro zinegintzan ari da Bartzelonan. Azken egunak mugituak eta emozionanteak izan direla dio berak, orain bi urteko galdeketa egunekoaren antzekoak. Historia idazten ari den momentuan bertan dagoenaren sentsazioa du berak, nahiz eta jakin historikoak diren momentuak gero denboran diluitu egiten direla. Komunikabideek ematen duten mezuaz ere egin nahi izan du gogoeta: jendetza kalera atera dela nabarmendu beharrean istiluei bakarrik erreparatzen dietela.