Amarauna
Covid 19 biktimak hildakoak
Covid 19aren bi biktimen alabak, itxialdiko heriotzez eta doluaz normalidade berrian
Zarautzko Santa Ana Egoitzan zuen ama Marije Zumetak eta ezin izan zuen agurtu. Garbiñe Larrartek berriz, itxialdi betean Iruñetik Tolosako ospitalera joanda bi egun eman zituen amarekin hil aurrean.
-
Emakume baten esku zimurtua, esku gazteago batek helduta
36:55 min
Oso gogorra izan dela aitortuz hasi dute biek solasaldia. Marijeren amak 94 urte zituen eta Donostia ospitalean hil zen koronabirusak jota. Etxekoek ez zuten berarekin egoteko modurik izan. 9 seme alaba izan zituen ama bakarrik hil zela pentsatzeak min handia eragiten dio berari, baina lasaitu egiten da pentsatuta, ondo zainduta eta lagunduta hil zela. Esker oneko hitzak izan ditu egoitzako zaintzaileentzat, ospitaleko erizain eta medikuentzat eta baita ehorztetxeko langileentzat ere. Gizatasun handiarekin jokatu zutela kontatu du Amaraunean. Amari hileta egin diote baina oraindik errautsak etxean ditu eta egoera hobetzen denean Santa Barbarako inguruan botako dituzte.
Orain, itxialdia bukatu denean ari da barneratzen amaren zuloa, egunero, arratsaldeko 6ak iristen direnean, egoitzara joaten zen ordua iristen denean.
Garbiñe Larrarteren guraso biak gaixotu ziren, aita aurrena eta ama gero. Biak egon ziren erietxean eta ama zendu egin zen 71 urterekin, aita artean ingresatuta zegoela. Ez du ahazteko errepide hutsean Iruñetik Tolosara ama despeditzeko egin zuen bidaia. Norbera babesteko jantzia ematen zioten medikuek Asuncion klinikan eta bera errudun sentitzen zen babesteko trajea soinean, bazekielako medikuek oso gutxi zituztela beren buruak babesteko. Negarrari eutsi ezinik kontatu du tanatoriokoek nola ez zizkioten errautsak eman nahi, akaso bera ere kutsatuta egongo zelakoan, eta azkenean ertzaintzarekin joango zela esan eta mehatxu eginda eman zizkiotela amaren errautsak. Min erantsi honekin,medikuak doluminak emateko egindako deia, etxepekoen jarrera eta lagunen babesa emozionatuta eskertu ditu, eta mezu bat eman: hau serioa da eta arduraz jokatu behar dugu. Etxe gehienetan krisi honetan itxialdia egin genuela gogoratuko dutela dio, baina bere etxera covid 19a betiko etorri dela.
Familian, bai aitak eta baita anaiak ere laguntza sikologikoa behar izan dute eta Jaurlaritzak martxan jarritako Betirako programan topatu dute babesa.
Zerbitzu horretan Araban ari da lanean Maite Zabala sikologoa eta dagoeneko berrehunen bat familia artatu dituztela kontatu du. Agur ekitaldiak egitearen garrantzia azpimarratu du berak, eta despedida birtualak egiteko plataformaren berri ere eman du.