Amarauna
Gartxot Unsain
Palestinako herriaren aldeko euskarazko kantuak, Israelek bonbardatzen duen garaiotan
Gartxot Unsain kolaboratzaileak fonoteka ireki eta Palestinako herriaren alde sortutako euskarazko kantuak ekarri dizkigu, lehengoak eta oraingoak.
-
Gizonezko bat Palestinako banderarekin. | Libertinus. CC-by-sa lizentziapean hartua.
12:53 min
Reggae doinuekin jarri gara dantzan, Ekialde Hurbilera begira. Xiberoots talde zuberoarrak iaz argitaratu zuen Maule Muffin diskotik hartu du Gartxot Unsain kolaboratzaileak lehen abestia, "Palestina". Mezu-gordina dakar abestiak: "Heriotza begietan bizi eder batengatik abesten". Eta horixe da "artearen indarra", Unsainen ustez.
Haritik tiraka, kantu zaharrago eta akaso ezagun batera salto: Fermin Muguruzaren "Yalah, Yalah Ramallah" abestira. Zubigintzarekin jarraitu eta Mahmud Darwish poeta eta pentsalari palestinarra zenari eskainitako "Arren, Darwish" kantura heldu gara, Berri Txarrak taldearena. Fonotekan kantu gehiago ere aurkitu ditugu: McOnak-en "Eutsi Palestina", 2015 urtekoa; Bolbora taldearen "Palestina", 2016koa; eta Xabi Aburruzagaren "Non da Palestina?" kantua, orain dela bi urtekoa.