Amarauna
Adingabeko etorkinak
"Etorkinei 18 urte betetzean paperak lortzeko eskatzen zaiena gehiegizkoa da"
GORKA OTAEGI |EITB Media
Donostiako Bideberri institutuko zuzendariak ikastetxean bizitzeko aukera eskaini die ikasle etorkin batzuei. "18 urterekin kale-gorrian eta paperik gabe gera daitezke".
-
Adin txikiko etorkin askok muturreko egoerak jasaten dituzte geurera iristeko
37:46 min
Mediku izan nahi dute, ingeniari... eta badute horretarako gaitasuna, baina "legeak ez die uzten ibilbide akademikoarekin jarraitzen. Ezin dute Batxilergoa ikasi eta kualifikatu". Jabi Lopez Donostiako Bideberri institutuko zuzendariak bere ikasle askok bizi duten dramaren berri eman digu: Bakarrik iritsitako etorkinek 18 urte betetzerako urtebeteko lan-kontratua eta 564 euroko soldata izan behar dute. "Bertan jaiotako gazteentzat ere ia ezinezkoak diren baldintza horiek lortu ezean, ezin dute paperik eskuratu. Ezta lan-kontraturik sinatu ere". Beraz, ahal bezain azkar, "ikasketak utzi eta ofizio bat ikastera behartuta daude", azaldu digu Lopezek, "ematen du baldintza horiek jarrita daudela ez betetzeko".
Horri gehitu behar zaio ikasle horiek adingabekoen zentroetan bizi direla, eta 18 urterekin beren bizilekua uztera behartuta daudela. "Administrazioak beste pisuren batean ostatu eman arte, epealdi bat kale-gorrian pasa dezakete", horrela azaldu digu Jon Amallobeitia adingabeen egoitzetako hezitzaileak. Bakarrik iristen diren etorkin adingabeen amets, helburu, frustrazio, negar-malko eta irribarreek errealitatea beste betaurreko batzuekin ikusteko aukera eman digute Lopez eta Amallobeitiarekin izandako solasaldian.