Itxi

Amarauna

Mendia

Beldurrik ez, baina errespetua bai

Unai Urreaga | EITb Media

Segurtasuna izan dugu hizpide mendizale eta adituekin, azken aldian izan diren ezbeharren ondotik. Formakuntzaren garrantzia azpimarratu digute.

  • Mendizale bat, elurretan gora

    Mendizale bat, elurretan gora

    22:46 min
imagen player
imagen player
imagen player

"Seguru, gaur egun, nik uste ez gaudela inon. Arriskua noski mendian badago, baina arriskutsua bizitzea bera ere bada. Eta arriskutsuagoa da oraindik, gustatzen zaizkigun gauzak beldurragatik ez egitea". Hala hitz egin digu Joseba Elustondo mendizaleak. Arriskuak identifikatzen eta ondo baloratzen ikasi behar dugula uste du. "Eta hori formakuntzak eta esperientziak ematen digu".

Julen Reketa mendigoizalea eta mendiko gida da eta mendian istripuak izateko arriskua proportzionalki geroz eta handiagoa dela dio, geroz eta jende gehiago dabilelako. "Ezustekoak beti daude, batzuetan berezko arriskuak dira, beste batzuetan norbere akatsak izan daitezke". Eta ahal den neurrian halakoak ekiditeko "errespetua eta ezagutza" gomendatu dizkigu, norberarena eta inguruarena. Gaur goi mendietan ibiltzen ikasi nahi dutenei oinarrizko kontzeptuak erakusteko hastapen ikastaroa ematen harrapatu dugu Panticosan.

Astundik hitz egin digu, berriz, Iban Gonzalez Nafarroako mendi federazioko mendi eskolako irakasleak. Elur-jausien aurrean segutasunerako lehen mailako ikastaroa eskaintzen du berak. Elur-jausi bat izateko arrisku handiena "eguraldi aldaketa handiak izaten direnean" dagoela argitu digu. Uste du geroz eta kontzientzia handiagoa dagoela eta jendeak ikusten duela ikastaroak egiteko beharra.