Amarauna
Erloju bereziak
Nola sinkronizatzen dira erlojuak?
Alarmadunak, atomikoak, antzinakoak edo melodia berezidunak. Askotarikoak dira munduan zehar aurki daitezkeen erlojuak. Askotarikoak dira soinuak eta mekanismoak, baita helburuak ere. Kanpaikadetako erlojuei so egiteko egun gutxi falta direnean, ordulari bereziei erreparatu diegu erreportaje bidez.
-
Xabier Alvarez Yeregui, Zestoako Lasao auzoan duen tailerrean.
18:19 min
Gillermo Roa kimikariak azaldu moduan, berezienen artean daude erloju atomikoak. Ohiko ordulariekin alderatuz gero, oso bestelako itxura eta funtzioa dutela azaldu du zientzialariak. Egungo erlojuen artean zehatzenak dira, hotz dauden atomoen bibrazioak neurtzen baitutuzte segundoak kalkulatzeko.
Punta-puntako teknologia erabiltzen duten erlojuak ez ezik, urte mordoa dituzten erlojuak ere nabarmentzekoak dira erloju berezien artean; tartean, Donostiako Artzain Onaren katedraleko erlojua eta Orrioko dorre erlojua (Ezkabarte). Bien berri eman du Xabier Alvarez Yereguik. Bere tailerrean zaharberritu du lehena: "1870an montatu zela kontuan hartuta, Artzain Onaren erlojuak duen berezitasun handiena bere zehaztasuna da".
Zehaztasuna Donostian, eta biziraupena Orrion; izan ere, Orrioko bizilagunek dorre erlojua mantentzeko egin duten esfortzuak egiten du berezi erlojua bera ere. Alvarez Yereguik azaldu duenez, 244 urte dituen dorre erlojuari soka emateko txandak egiten dituzte 50 biztanle dituen herri txiki horetan. Hilabetero, persona bat arduratzen da herriko ondarea mantentzeaz: "Beraiei esaten diet ekintza kultural bat egiten dutela egunero".
Hain zuzen, ondare hori mantentzearen garrantzia nabarmendu du Alvarez Yereguik: "Herri txiki batera joan eta kanpai hotsik ez baldin badago eta umerik jolasean ez baldin badago, herri hura hilda dago".