Baipasa
GURE HARIA
Sareetan sortutako istorioak ezagutu ditugu
ALOÑA BERAZA | EITb Media
Sare sozialetan egindako iragarpenak, aldarrikapenak eta beste hamaika bitxikeria izan ditugu Baipasa saioan hizpide.
-
Sare sozialak artxiboko irudi batean
37:31 min
Sare sozialen erabilera gero eta zabalduagoa dago egungo gizartean. Dagoeneko herritarren gehiengoak du, gutxienez, sare sozial batean kontua sortua. Sareen albo kalteen eta ondorioen gainean asko hitz egiten den honetan, guk beste aldeari ere erreparatu nahi izan diogu; sareetan sortutako kontuak azaleratu ditugu, eta sareetako istorioetako protagonistak saiora gonbidatu ditugu.
Badira aste batzuk Jose Pablo Arriaga eskulturgilea gurean izan zela. Euskal kutxei buruz hitz egiteko deitu genion, eta orduan kontatu zigun Facebook sarean lan-eskaintza batera iragarpena egin zuela, eta arrakasta handikoa izan zela: curriculum asko jaso zituen, eta 363 lagunek zabaldu zuten argitalpen hori.
Sareetara jotzen da askotan galdutako gauzak topatzeko asmotan, edo topatutakoak jabearengana iristarazteko. Odei Esnaolak kontatu digu nola azken asteetan sarean Luna izeneko txakurraren argazkia zabaldu duten, lapurtua izan baita, eta hura topatzeko asmotan partekatu dituztela argazki horiek.Erantzun asko jaso dituztela kontatu digu.
Euskal txioherrian arrakasta handia izan duten istorioak hamaika dira, eta horietatik mugimendua sortu dutenak ere asko. Adibide garbia, ordea, Julen Esnaolaren kasua da. #NonDagoJulen edo "Mutil hori topatu behar dugu" bezalako mezuak zabaldu dira sarea, Mikel Elizegik gidatutako Ordu Txikitan saioan parte hartu zuen Julen topatu ahal izateko. Protagonista bera, Julen Esnaola, izan dugu gurean, eta sareetan izandako oihartzuna nola jaso duen kontatu digu.
Aldiz, astebete ere ez da igaro hurrengo protagonista sareetan murgildu zela. @Alacantekoa du izena erabiltzaileak, eta kontu hori kudeatzen duen Adrian Cervetto filologoarekin aritu gara. Alacantekoa da bera, eta euskara ikasten ari da bertan. Twitterreko kontu horretan euskara praktikatzea da bere asmoa.
Euskal txioherrian eragina izandakoak abiapuntu izanik, itsasoaz bestaldean ere eragin nahi duen ekimen baten berri izan dugu: Artziniegako Udalak "Artziniega" abizena duten herritarrak bildu nahi ditu udalerriaren 750. urteurrena ospatzeko, uztailaren 9an. Unai Gotxi Artziniegako zinegotziak eman digu egitasmoaren berri.