Baipasa
GURE HIZTEGIA
"Danda", "Papalardo", eta "Ixtrilla egin" berreskuratu ditugu Txiliku Olaizolaren eskutik
ALOÑA BERAZA | EITb Media
"Baipasa"ko hiztegira hiru euskal hitz gehitu berri ditugu. Txiliku Olaizola idazlearen laguntzarekin berreskuratu ditugu eta bakoitzaren esanahia zein den azaldu du.
-
"Danda", "Papalardo", eta "Ixtrilla egin" berreskuratu ditugu Txiliku Olaizolaren
10:55 min
Txiliku Olaizola idazle zarauztarraren eskutik ezagutu ditugu "Danda", "Papalardo" eta "Ixtrilla egin" hitzen esanahiak. Zarauzko Hitza hedabidean elikatzen du Olaizolak Antigoaleko Hiztegia izeneko ekimena; garai batean erabiltzen ziren eta gaur egun dagoeneko galbidean dauden hitzak berreskuratzeko helburua duen egitasmoa da, hain zuzen ere.
Dandan egin, auzolanean jarduteari deitzen zitzaion duela urte gutxira arte. Herriko zerbitzuen onurarako egiten diren zenbait auzo-lan; bideak txukuntzea edo konpontzeari esaten zitzaion horrela. Hitzaren jatorria ezezaguna bada ere, litekeena da "txandaka" hitzetik eratorria izatea, herriko zerbitzuak txandaka egin behar ziren garaietatik dator-eta. Gaur edozein herriko lan egiteko langile-brigada dugunean herrietan, zaila egiten zaigu pentsatzea hainbat lan urtero auzolanean egiten zirela, baina XX. mendearen ia amaieraraino izan dira horrelakoak baserri-inguruetan.
Mahatsak dolarean jarri eta oin hutsekin zanpatzeari deitzen zitzaion ixtrilla egitea, beste leku batzuetan "istrilla egin" deiturarekin ezagunagoa bazen ere. Aspaldiko hitzak dira eta ia ahaztuak direla aitortu du Olaizolak, gaur egun ez baita horrelakorik entzuten ez bada txakolin egun edo mahats-biltze festa batean.
Azkenik, papalardo hitza aukeratu du idazleak, bi adierako hitza, alegia. Batetik, garai batean aski ezaguna zen arrain mota bati egiten dio erreferentzia, dagoeneko gaur egungo arrain-merkatuetan ikusten ez dena. Frijitu, azala kendu eta tomate eginean gozatuta jan ohi da. Bestetik, irain gisa erabili ohi den hitza da baita ere. Ergel hitzaren adiera hartzen du papalardo hitzak iseka egiteko erabiltzen denean.