Baipasa
Gure haria
Porridge edo olo ahia: garai bateko behartsuen eta presoen jakia influencerren modako gosari bihurtua
Lierni Ibargutxi | EITB Media
Porridge Radio musika-taldeak bihar eskainiko duen kontzertuaren aitzakian, porridgeari buruzko hamaika galderari bueltaka ibili gara.
-
Porridge katilua
33:26 min
Porridge Radiokoek Donostiako Dabadaba aretora ekarriko dituzte bihar euren indie sadcore doinuak. Brighton hirikoak dira Porridge Radio taldekoak, porridgearen jatorria ere Britania Handian dago, Eskozian, dirudienez, Macarena Sanchezek kontatu digunez. Macarenak, Arwen Grey izengoitiarekin, nobela erromantikoak idazten ditu eta aurtengo udan Baipasan kolaboratzaile izan genuen. Garai viktoriarreko kontuak azaldu zizkigun orduan. Eta porridgea ere oso viktoriarra dela kontatu digu: Charles Dickensen Oliver Twist nobelan eszena askotan porridgea agertzen da.
James Joyceren Dublindarrak nobelan ere askotan agertzen den otordua da. Irene Aldasorok itzuli zuen eta 2000. urtean Euskadi Saria irabazi ere, lan honengatik. Porridge berak olo ahia edo olo morokila bezala itzuli izan duela kontatu digu. Aitziber Aizpuru Eliku Nutrizio Aholkularitzako nutrizionistak porridgearen propietateez hitz egin digu eta oso errezeta gozoak eman dizkigu: porridgea arrautzarekin edo tiramisu erara! Bukatzeko Aizpea Izagirre baserritar eta okinak Euskal Herrian porridgearen baliokidea zitekeen morokilari buruz hitz egin digu. Sakatu play eta entzun osorik kontatu diguten guztia!