Itxi

Ekosfera

Zipriztinak

Atomoak eta zelulak

Arantxa Txintxurreta biologoak atomoei eta zelulei buruzko irakasgaia ekarri digu.

  • Arantxa Txintxurreta

    4:02 min
imagen player
imagen player
imagen player

Audioak (1)

Adreiluekin konparatu dira, maiz, atomoak, haiekin eraiki daitezkeelako gauza handiagoak, alegia, molekulak. Baina zelulak ere aldera daitezke adreiluekin, haiekin eraikitzen baitira organoak. 'Ekosfera'n aztertuko ditugu atomoei eta zelulei buruzko xehetasunak.

Ur molekula bat, adibidez, hidrogenoaren bi atomoz eta oxigenoaren atomo bakar batez osatzen da, H2O idazten da, kimikoki. Materia –ura, adibidez- atomoz osatzen da.

Materia bizigabea ez da zelulaz osatzen; bizidunak bai, ordea. Atomoekin materia sor daiteke, eta zelulekin bizitza.

Hook deituriko kuxkuxero batek eman zion izena zelulari, kortxo-zati bat mikroskopioaren azpian jarri zuenean. Kortxoa bizidun baten zati bat da, ez ahaztu; hortaz, zelulez osatuta dago. Eta zelulak bata bestearen ondoan, eta gainean, eta azpian, eta adreiluak bezala jarriz, organoak sortzen dituzte, atomoek molekulak sortzen dituzten gisan. Organoek, aldi berean, sistemak; endokrinoa, nerbio-sistema... Molekulek materia sortzen duten gisan, ura, ozonoa, arrokak, altzairua...

Eta atomoak eta zelulak zertaz daude osatuta?

Bada, zelulak aztertzen has gaitezen, mikroskopioaren laguntzaz eta lau gauzatxorekin egingo dugu eta: azkazalaren ondoan azal zatitxo bat badut, hemen zintzilik, eta huraxe kenduko dut, eta mikroskopioaren azpian jarriko. Ondoren, espermatozoide bat hartuko dut... hura nondik aterako dudan ez dizuet esango! Neurona bat, nerbio-sistemaren batetik; bihotzaren zatitxo bat, hori harakinari eskatuko diot; eta hezur-zati bat txakurrari lapurtuko diot.

Banan-banban mikroskopioan jarri, eta zera ikusiko dut guztietan: nukleo bat; zitoplasma, inguruan; organulu desberdinak, zelularen arabera; eta horiek guztiak inguratuz, mintza.

Zelula batzuk biribilak dira; espermatozoideak buztana du; bihotzaren zelulak luzangak dira, eta uzkurtu egin daitezke; hezurreko zelulek adar asko dituzte eta adarren artean gauza gogor bat dute, hezurrari zurruntasuna ematen diona; neuronek buru bat eta adar batzuk dituzte.

Forma desberdina dute zelulek, betetzen duten funtzioaren arabera, baina barruan gauza bera: mintza, nukleoa, zitoplasma eta organuluak. Mitokondriak, adibidez, organuluak dira.

Baina hara, nukleoaren barruan bada beste zerbait: Material genetikoa molekulez osatuta dago, eta molekulak atomoz aldi berean, materian bezalaxe! Hori ez dut mikroskopioz ikusi, baina jakin badakit, ni neu ere kuxkuxeatzen ibili naiz eta.

Bukatzeko, argituko dizuet buruan bueltaka duzuen galdera hori: zer arraio dago atomoen barruan? Bada, atomoen barruan, protoiak, neutroiak eta elektroiak daude.

Izan kuxkuxero, entzule!