Itxi

Ekosfera

Zipriztinak

Zumalakarra

Normalean ez diogu begiratzen zuhaitz honi, eta Arantxa Txintxurretak hari zuzendu nahi izan dio argia.

  • Zumalakarra. Argazkia. Robert H. Mohlenbrock

    Zumalakarra. Argazkia. Robert H. Mohlenbrock

    3:08 min
imagen player
imagen player
imagen player

Audioak (1)

Zumalakarrari buruz hitz egin digu Arantxa Txintxurretak 'Ekosfera'n. Izan ere, ez da zuhaitz berezi bat, zuhaitz guztiak bereziak badira ere; ez da bereziki ederra, ederra den arren; ez dago arriskupean, oso ugaria ez bada ere; eta ez dago berririk bere gainean, aurrekoan mendian ikusi zuen, besterik ez; eta argia zuzendu dio normalean oharkabean igarotzen dugun zuhaitz horri.

Zumalakarra esan du, baina esaten diogu, baita ere, oilakarana, oilarana edo txolegurra. Gaztelaniaz, arraclán, eta frantsesez bourdaine. Frangula alnus, latinez, eta, duela gutxira arte, Rhamnus frangula.

Basoetan agertzen da eta sagarrondo baten altura-edo izan ohi du. Azal leun samarra, iluna, eta adar dezente ditu. Hostoak sinpleak dira, ez konposatuak, hosto txikiagotan banatuta bezala; ez. Txandakatuak ageri dira adarrean, hau da, adabegi batetik hosto bat ateratzen da alde batera, eta beste aldera hurrengo hostoa, beste adabegitik; eta osoak ditu, ez haritzak bezalakoak, sartu-irten nabarmenekin. Txortena dute.

Loreak txikiak eta zuri-horixkak dira, eta organo arrak eta emeak lore berean agertzen dira. Hostoen oinarrian ateratzen dira, txorten batean hauek ere. Apiriletik abuztura bitartean loratzen da.

Fruituak drupa biribilduak dira, hur-ale bat baino txikiagoak. Berdeskak hasieran, baina gerora gorritu egiten dira; erortzen direnerako, beltzak dira. Abuztutik azarora heltzen da fruitua.

Txintxurretak ikusi zuen zumalakarra itsasotik hurbil zegoen, baina babesean, mendiaren hegoaldera, itsasoan baino, pareko mendietan interes handiagoa balu bezala; inguruan haritzak, ametzak eta gaztainondoak lagun zituela agertu zen, humil. 400 metro ingurura, hareharrizko lurzoru hezean. Ale bakarra ikusi zuen, baina alboan txikiago bat zuen, mendi-bidearen ertzean, eguzkirako bidea bilatu nahian.

Zorterik onena opa dio, hurrengoan bi izan daitezen.