Itxi

Ekosfera

Zipriztinak

Botanika, haritzaren bitartez

Arantxa Txintxurretak botanikaz hitz egin digu, haritza ardatz hartuta.

  • 5:25 min
imagen player
imagen player
imagen player

Audioak (1)

Korolek koroa dute; loreen karpeloak aske daude; hostoak osoak eta txandakatuak ditu; hermafroditak dira. Tira, hermafrodita izatea badakigu zer den, baina ulertu al duzue aurretik esan dudana?

Landareen gida-liburuetan agertzen diren ohiko terminoak dira aurreko horiek. Zer esan nahi duten azaltzeko, haritza hartuko dut lagun, hura ezagun dugulakoan. Eta ez Gernikako arbola bisitatu dugulako, baizik eta, Atlantiar aldeko mendietan, maiz ikusi dugulako.

Liburuetan, berriz, haritza hala azaltzen dute: euskaraz eta erdaraz dituen izen arruntak, eta, bereziki da interesgarria, latinez duen izena, zauden tokian zaudela, izen hori zuhaitz-espezie horri eta ez beste bati dagokiolako. Gure haritza Quercus robur da, letra etzanaz idatzita.

Izenaren azpian zuhaitza deskribatzera jotzen dute gidek. Hosto erorkorreko zuhaitza, 40 metrorainokoa, adaburu zabal eta biribilekoa. Horrek esan nahi du haritzak neguan hostoa galtzen duela eta bere eitea edo itxura, aterkiaren eta txupatxuparen artekoa dela, adarkadura zabal eta borobilekoa.

Enborra deskribatzen duen atala erraz ulertu ohi da, azala leuna edo zartatua eta zein kolorekoa den kontatu ohi dutelako, baina hostoak deskribatzearekin datoz buruhausteak.

Haritzaren hostoak bakunak dira, ez konposatuak, hosto txikiagotan banatuta, lizarrarenak diren bezalakoak. Txandakatuak dira, hau da, adabegi batetik hosto bat ateratzen da, eta hurrengoa hurrengo adabegitik, pixka bat gorago. Obalatuak, pinatilobatuak eta oinean aurikulatuak dira; to, ezer ez! hau da, hostoaren forma orokorra arrautzaren modukoa da; baina haritzaren hostoak lobuluak ditu, sartu-irtenak ditu, ez baita pagoa bezalakoa, adibidez, ezta gorostia bezalakoa. Eta hostoaren oinarrian txorten labur bat dute, pezioloa deitzen zaio, eta txorten horren albo banatara belarria gure aurpegitik ateratzen den bezala ateratzen da hostoa, beheraka lobulua eta ondoren hostoa goraka. Liburu batean ezin da hori guztia esan, eta 'oinean aurikulatuak' direla esanaz, lasai egiten dute lo. Zorionez, liburu gehienek badute gako bat marrazkiz betea, ez etsi, beraz.

Loreen atala ere, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Hasteko, haritza monoikoa da, hau da, landare berean lore arrak eta emeak ditu, baina lore batzuk arrak dira, eta besteak emeak; gorostia, adibidez, dioikoa da, hau da, gorosti batzuk arrak dira, lore arrekin soilik, eta beste batzuk emeak, lore emeekin soilik; eta sagarrondoaren loreak berriz, hermafroditak dira, lore bakarrean organo arrak eta emeak azaltzen dira. Ikusten duzuenez, aukera zabala da.

Lore arrak gerba motako infloreszentziatan hazten dira haritzean, eta emeak txorten luzeko multzo txikitan. Nolakoak diren lore arrak? Bada, gariaren antzeko zerbait, ñimiñoak diren lore-multzoak, ardatz nagusi baten inguruan pilatuta.

Eta loreak ernaldu badira, frutitua aterako da udazkenean, ezkurra, alegia. Glande motakoa dela esaten da, oboidea, eta haritz kandudunaren ezaugarria da, hain zuzen, kandu luze baten amaieran agertzen direla ezkurrak, hau da, txorten luze baten puntatik zintzilik.

Eta neguan ez ezkur, ez lore eta ez hostorik, beraz, atsedenean uztagun (utz dezagun) gure laguna, eta amai dezagun botanikako jarduna.

Informazio argigarri gehiago Euskal Herriko zuhaitz eta zuhaixken gidaliburua-n eta euskalnatura.net-en aurki dezakezue, besteak beste.

Hurrena arte, gozatu.