Itxi

Ekosfera

Ekologia zipriztinak

Ebro ibaia

Arantxa Txintxurretak Ebro ibaiaren jatorrizko nortasunaren zipriztin bat azaldu digu.

  • Argazkia: Hospital del Temple casa rural

    Argazkia: Hospital del Temple casa rural

    4:20 min
imagen player
imagen player
imagen player

Audioak (1)

Ebro ibaia hizpide hartuta etorri zaigu Arantxa Txintxurreta, 'Ekosfera' saioko ''Ekologia zipriztinak'' atalean:

Hainbat ibaik Mediterraneora isurtzen dituzte urak, Euskal Herrian. Guztiak eskutik iristen dira hara, Ebro ibai handian bat egin dutelako, lehenago.

Penintsularen iparraldean dauden Europako mendietan jaio, eta Ebrok Araba eta Nafarroa bustitzen ditu, gurean.

Nafarroatik oso kilometro gutxira, hain zuzen, Errioxako lurraldean, Ebrok badu txoko berezi bat. Berdea eta basabizitza dira bertan nagusi. Ur ertzean ibiltzeak oasi txiki baten barruan sentiarazten zaitu. Ura, basoa, uharteak, harriak, soinuak, koloreak... Natur Erreserba bilakaturik, babestuta dago Ebroko zati hau, eta bisitak merezi duela uste dut.

Ibai-lautada zabal samarra du bertan, Ebro ibai luzeak; zigi-zaga igarotzen da ura, bertatik. Ur ertzean, gizakiaren arrastoa nabari da: baratzak eta abelburuak ikus daitezke, eta makalak (Populus nigra L.) xake-taula batean bezala landatuta; kalitate handiko egurrik ez badute ere, bizkor hazten dira, bereziki ibai ertzetako lur-gozoetan.

Baina tarteka ibar-baso basatiak aurkitzen dira, zaharrak eta ederrak. Zume zuria (Salix alba L.), makala (Populus nigra L.), zurzuria (Populus alba L.), lizarra (Fraximus excelsior). Adin desberdinetakoak, eta desorden perfektuan tinko.

Itzala egiten diete txikixeagoa diren larrosei (Rosa sp.), laharrari (Ruburs sp.) eta elorri zuriari (Crataegus monogyna Jacq.). Uda amaieran eta udazken aldera ematen dituzten fruituek inguruko animaliak elikatuko dituzte.

Animalia ugari eta dibertsoak agertzen dira, lehorra eta ura elkartzen dituen gune aberats honetan. Matrimonioko ohearen tamaina dutelako, amiamokoen habiak deigarriak dira, eta ugariak inguruan, baina hegan ikusi ditugu, ikusten zailak direnak ere: kurriloak Gallocantarantz bidaian, eta mokozabal goseti bat, limoan mokoka.

Udazkenean izan gara Alfaroko txoko honetan, eta ornitologo jantzitako ornitologoa aurkitu dugu bidean, bere teleskopio erraldoi eta guzti. Kurriloetako bat erituta, lehorrera jaitsita dagoela kontatu digu, eta, bitartean, talde-kideak bueltaka hegan ari direla, haren zain.

Ubarroia eta lertxuna ere ikusi ditugu. Eta hor nonbait egongo dira Europako bisoia eta igaraba; guk ez ditugu ikusi, zoritxarrez. Egia esan, ez ditut sekula ikusi, baina izan badirela sinesten dut, leku baketsu eta natural samar hau egokia da haientzat, eta, auskalo, nik baino zorte hobea duenak ikusiko ote zituen!

Ongi garatutako ibar-basoa iluna izan ohi da, zuhaitz asko dagoelako. Itzala ugari, eta hezetasuna, klima lehorra bada ere. Belar gutxi ageri da baldintza horietan; halere, badira gustura sentitzen direnak: aihenzuriak (Clematis vitalba) eta huntzak (Hedera helix) zurtoinak berdetzen dituzte udan, eta udazkenean basoari kolorea ematen diete.

Ebro ibaiaren jatorrizko nortasunaren zipriztin bat ezagutu dugulakoan, atzean utzi dugu, eta Nafarroara sartu. Itzuliko gara, Kurriloak Gallocantara itzultzen diren moduan.

Laster arte.

y">Laster arte.