Ekosfera
Ekologia zipriztinak
Zirauna
Arantxa Txintxurretak ziraunei buruzko zipriztina ekarri digu. Suge itxura dute, baina, ba al zenekiten sugandilen ahaideak direla?
-
Argazkia: Joan Vega
3:15 min
Zirauna hizpide hartuta etorri zaigu Arantxa Txintxurreta, 'Ekosfera' saioko ''Ekologia zipriztinak'' atalean:
Martxoak hiru egun besterik ez zituenean, ziraun bat ekarri zidan. Bi umerekin nengoen, eta oiloek jateko duten ontzia altxa genuenean agertu zen.
Holakoetan, argazki bat atera eta Aranzadiko Herpetologiaren behatokira bidali ohi dut, zer/non/noiz dagoen jakin dezaten. Hortaz, argazki kamera ekartzeko eskatu nien haurrei. Handik minutu gutxira hantxe nituen biak, arnas-estuka eta kameraz gain, plastikozko ontzi handi bat eskuetan zutela. “Hartu, eskolara eramateko”, esan zidaten.
Ziraun gajua ederki zegoen gu etorri aurretik. Oiloen jateko ontziaren babesean, goxotasuna zuen, lasaitasuna. Negua nonbait ezkutuan igaroko zuen, eta orain, esnatzeko garaian, ume moko batzuk zirikatu beharra; hori ez da esnatze ona ziraun batentzat, ezta?
Bestalde, ziraunek suge itxura izan arren, sugandilen ahaideak dira, eta ez dute deus egiten. Eskuetan ibiltzeko aproposak dira, eta bertatik bertara animalia basati bat ikusteko aukera ematen dute. Haurrek ez dituzte horrelako gauzak erraz ahazten. Eta sugeak, sugandilak eta haien ohiturak zeintzuk diren azaltzeko aukera ematen du horrek. Ezagutzeak maitatzea ekar dezake, edo, gutxienez, errespetatzen ikastea.
Horixe guztia zebilkion nire buruari, burmuinaren barruan, eta, konturatzerako, hantxe nituen bi umeak ziraunaren atzetik. Halako batean sartu genuen ontzian, eta eskolara eraman zuten. Ordu eta erdi eduki zuten klasean, eta ondoren, hartutako lekura itzuli genuen. Oso osorik.
Harritzekoa hori! Izan ere, sugandilek bezalaxe, ziraunek isatsa gal dezakete, beren burua mehatxaturik ikusten dutenean. Sugeek ez dute horrelakorik egiten. Gure eskolako haurrek hori eta beste hainbat gauza ikasi dituzte gizarajo horri esker. Horregatik, uhin hauek erabili nahi ditut, zuen guztien aurrean, barkamena eskatzeko oilategiko ziraunari, sortutako eragozpenengatik eta, aldi berean, eskerrak emateko, eta barraskilo asko asko asko jan ditzala opa nahi diot, guk letxuga berde-urtsuak asko asko asko jan ditzagun. Mila esker.
Udaberri on.
Udaberri on.