Itxi

Albisteak

Ostegunean

Haurren etxeko lanak eta euskarazko filmen estreinaldiak, 'Faktoria'n

G.U.

Maite Artolak gidatzen duen tartean, haurrei bidaltzen dizkieten etxeko lanei buruz arituko dira solasean, eta Manu Etxezortuk Pilota II eta Yoko eta lagunak filmak izango ditu hizpide.

Haurren etxeko lanak eta euskarazko filmen estreinaldiak izango ditu ardatz ostegun honetako 'Faktoria' saioak. Maite Artolak gidatzen duen tartean, mahai-ingurua egingo dute haurrei bidaltzen dizkieten etxeko lanei buruz. Gehiegizkoak ote dira? Gainera, Manu Etxezortuk Pilota II eta Yoko eta lagunak filmak izango ditu hizpide. Bi zuzendariak elkarrizketatuko ditu.

08:00etan hasiko da saioa, Maite Artolaren gidaritzapean. 08:30ean, Martxelo Otamendi, Nerea Azurmendi eta Bingen Zupiria solasean arituko dira. Ondoren, Ibon Sarasola sukaldatu hitzaz arituko da. 09:30ean, berriz, mahai-ingurua egingo dute haurrei bidaltzen dizkieten etxeko lanak ardatz hartuta. Joxe Amiama psikopedagogoa, Lurdes Imaz EHIGE gurasoen elkarteko kidea, Aitor Etxarte Nafarroako Eskola Kontseiluko kidea eta Bego Gordillo Lekeitioko Azkue ikastolako psikologoa eta pedagogoa izango dira gaia aztertuko dutenak.

10:00etan, berriz, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa. Idoia Torregarairekin barre egin ondoren, Edurne Lararza Informatikari Euskaldunen Batzarraz arituko da. 11:00etan, Julen Arangurenek Zarautzen egingo duten Interkulturalitate Eguna aurkeztuko du.

Ondoren, bi film estreinaldi izango dituzte hizpide. 11:30ean, Olatz Gonzalez Pilota II pelikulari buruz jardungo da, eta 12:00etan, Yoko eta lagunak filmaz arituko dira Juanjo Elordi zuzendaria eta Edorta Barruetabeña gidoilaria.