Itxi

Albisteak

Urriak 6

Lehen Jaurlaritzaren 80. urteurrena ospatzeko, 'Faktoria' berezia

EiTB

Saioaren ardatza izango dira Agirre lehendakariaren figura eta haren Jaurlaritza.

Ostegun honetan, lehen Eusko Jaurlaritzaren 80. urteurrenaren bezperan, 'Faktoria' saio berezia gidatuko du Maite Artolak 8:00etatik 10:00etara. Agirre lehendakariaren figuraz, bizitzaz eta pertsonaz ariko dira demokrazia aldiko lehendakariak, baita lehen Jaurlaritza hartako sailburuen ondorengoak ere.

8:30ean, solasaldian izango dira Bingen Zupiria kazetaria, Laura Mintegi idazlea eta Eguzki Urteaga soziologoa. Ondoren, Jose Antonio Rodriguez Ranz historialariak hartuko du hitza, Lehen Eusko Jaurlaritza Bilbon 1936-1937. Euzko lur gainean zutunik liburuaren koordinatzaileak, alegia.

Aipatu dugun bezala, saio osoan zehar entzungo ditugu lehen Jaurlaritza hura hobeto ezagutzen lagunduko diguten ahotsak. 10:00ak aurretik, gainera, Ibon Sarasolak euskarari lotutako gomendioak emango dizkigu; oraingoan, "Jaurlaritza" eta "euskotar" hizpide hartuta.

10:00etatik aurrera, magazina hasiko da, Manu Etxezortuk gidatuta. Hasteko, basurdeekin izandako istripuetan kalteak nork ordaindu behar dituen argituko dugu. 10:30 aldera, erreportaje batekin saiatuko gara argitzen krema merkeenak onenak ote diren ala ez.

11:00etan, bestalde, Independentistak sareak Euskal Herriko erdigunera antolatu duen mendi martxari buruzko xehetasunak ezagutuko ditugu; eta, 12:00etan, berriz, Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk euskararen inguruan aurkeztu duten 'Jendaurrean erabili' kanpainari buruz hitz egingo dugu.

Horrez gain, ostegunero legez, Idoia Torregarairen asteko umore printza, Mikel Chamizoren konposatzaileen biografiak, Esther Moyuaren liburu gomendioa, eta Tania Arriagaren showa ere izango ditugu.

7:00etako albistegiarekin hasi eta 13:00ak arte, ez galdu Euskadi Irratiko 'Faktoria'.

 

 

 

p>