Itxi

Albisteak

Urriak 24

Brexita, hizpide 'Faktoria'n, Ingalaterran bizi diren euskaldunekin

G.U.

EiTB

Asteleheneko saioan, gainera, Usurbilen erraustegiaz asteburuan egindako galdeketa izango dugu hizpide, eta baratze terapia ere ezagutuko dugu.

Brexita izango dugu hizpide astelehen honetako 'Faktoria' saioan. Maite Artolak Britainia Handian lanean ari diren hainbat euskaldunekin hitz egingo du, Europatik ateratzeko erabakiari buruz dauzkaten kezkei lotuta. Gainera, Usurbilen erraustegiari buruz asteburuan egin duten galdeketa ere izango dugu hizpide, baita baratze terapia ere.

7:00etan hasiko da saioa eguneko albiste nagusien errepasoarekin. 8:00etan, Maite Artolak hartuko du 'Albiste Faktoria'ren gidaritza, eta Niko Cuencaren azalpen ekonomikoak entzungo ditugu lehen-lehenik. 8:30ean, solasaldian izango dira Joxe Juan Gonzalez de Txabarri, Martin Garitano eta Jesus Prieto. Ondoren, Erraustegia Erabakia plataformako Joxe Mari Ribadeneirarekin hitz egingo du asteburuan Usurrbilen egindako galdeketaz. 9:30 aldera, berriz, Brexitari buruzko kezkak azalduko ditugu Ingalaterran lanean dabiltzan hiru euskaldunekin: Iñaki Azpiazu (Air Bus), Nerea Yarzabal (Charing Cross ospitalea) eta Antton Peña (FlyFlock).

10:00etan, 'Faktoria Magazina' jarriko du martxan Manu Etxezortuk. Ur mineralen negozioaz arituko da Joseba Kamio, eta Maysharekin bat egingo dugu gero. Joxe Mari Apaolazaren kirol aurrerapenaren ondotik, Martin Gartziandia Gasteizko sindikoak enplegu publikoko eskaintzen inguruko jakingarriak emango dizkigu. 11:00etako ordua kirol solasaldiarekin hasiko da. Beñat Zarrabeitia eta Andoni Urbistondok asteburuko kirol emaitzak eta gertakariak aztertuko dituzte. Jarraian, Luis Mari Zulaika EHUko irakaslearekin ondorengo gaia aztertuko dugu: mendia kirola baino gehiago da.

12:00etan, Ekogunea tartea zabalduko dugu Amalia Virtorekin, eta neguan entsalada jateko etxean zein barazki landatu beharko genukeen jakingo dugu. Jarraian, Igotz Alkortak AGIFES gaixoekin gauzatzen ari den baratze terapiari buruzko erreportajea ekarriko digu. Saioa amaitu aurretik, gainera, Tania Arriagaren showa ere izango dugu.