Albisteak
Martxoak 31
Akelarre taldearen bisita izango dugu ostiralean 'Faktoria'n
G.U. | ERREDAKZIOA
Albistegian, Eneko Andueza PSE-EEko legebiltzarkidea elkarrizketatuko dugu, eta euskal hiriburuetako gaizkiletza indizeak izango ditugu hizpide. Ur azpiko hockeya ere ezagutuko dugu.
-
Akelarre
Akelarre musika taldearen bisita izango dugu, ostiralean, 'Faktoria'n, itzulerarako hilabete eskas geratzen denean. Markox Juaristi, Juanma Labandibar eta Juanpa Agirre etorriko dira estudiora. Bestalde, Eneko Andueza PSE-EEko Legebiltzarreko bozeramailea izango dugu albistegian, eta hiriburuetan azken urteotan zenbatu diren gaizkiletza datuak ere ekarriko ditugu Adolfo Alustiza Bilboko Udaltzaingoaren arduradunarekin eta Joxe Anta Donostiako Udaltzaingoaren komisario-buruarekin.
Saioa 07:00etan hasiko da, eguneko albiste nagusien errepasoarekin. 08:00etan, Maite Artolak hartuko du 'Albiste Faktoria'ren gidaritza. 08:30ean, solasean arituko dira Felipe Juaristi, Eguzki Urteaga eta Maite Ubiria. 09:15 aldera, Eneko Anduezarekin hitz egingo dugu. 09:45ean, Jon Sarasuaren gogoetarako tartea izango dugu. Ordua amaitzeko, hiriburuetako delinkuentziaz arituko gara.
10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa. Hasteko, Durangoko bonbardaketa oroituko dugu, 80 urte beteko baititu. Jarraian, Mikel Gartziak eta Jurdan Arretxek asteko titularrak aztertuko dituzte. Kirol aurrerapena egin ondoren, Urdaibai Bird Center zentroarekin bat egingo dugu, Edorta Unamunorekin hitz egiteko.
11:00etan, Akelarre musika taldearen itzuleraz ariko gara Juaristi, Labandibar eta Agirre taldekideekin. Markel Uriarterekin hitz egingo dugu. 11:30ean, Garbiñe Agiriano psikologoaren tartea zabalduko dugu, amesgaiztoez hitz egiteko. Ordua amaitzeko, ur azpiko hockeya ezagutuko dugu Aratz García de Albenizekin.
12:00etan, Nagore Telleriak asteburuan 'Amarauna' saioan izango dituzten eduki nagusien aurrerapena egingo digu. Gainera, Ane Muñozen zinemarako proposamena entzungo dugu, eta zinema-aretoetan ikusgai izango diren lanen berri ere jasoko dugu.
07:00etatik 13:00etara arituko da lanean 'Faktoria'.