Albisteak
Asteartean
Iñaki Errazkin, Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohia,'Faktoria'n
ERREDAKZIOA | G.U.
Ostegunean, Espainiako Kontuen Epaitegian egingo dioten epaiketaren aurretik hitz egingo dugu harekin. Bestalde, Jon Badiola mediku gazte saritua ezagutuko dugu.
Iñaki Errazkin, aurreko legealdian Gipuzkoako Diputazioko Foru Aldundiko Ingurumen diputatu izan zena, izango da, astearte honetan, 'Faktoria'ko gonbidatu nagusia. Ostegunean, epaiketa egingo diote Espainiako Kontuen Epaitegian, Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko arduradun izan zenarekin batera, erraustegiaren proiektua bertan behera uzteko erabakiak eragin zituen kalte ekonomikoengatik. 41 milioi euroko kalte-ordaina eskatzen diete bi arduradun ohientzat. 09:30ean izango da elkarrizketa. Bestalde, unibertsitate ikasleek antolatutako eta unibertsitate ikasleek hizlari dituen 'low cost' kongresu akademikoa ezagutuko dugu: XVI. Ikertzaile Paleontologo Gazteen Topaketa Zarautzen. Aitziber Suarez EHUko paleontologia ikerlariarekin mintzatuko gara gaiaz. Gainera, 10:30ean, Jon Badiola mediku gaztearekin hitz egingo dugu, Best Young Abstract Award jaso berritan.
07:00etan hasiko da albistegia, Iñigo Alustizak gidatuta. 07:55 aldera, Maite Artolak hartuko du lekukoa, Amatiñoren zutabea entzungo dugu. 08:30ean, solasaldian izango ditugu Maite Ubiria, Iñaki Galdos eta, estreinakoz, Gorka Maneiro. 09:30ean elkarrizketatuko dugu Iñaki Errazkin, eta, ordua ixteko, Itxaso Mendiluze arte komisarioaren tartea entzungo dugu.
10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du gidaritza, magazinari ekiteko. Hasteko, 'low cost' kongresu akademikoaren berri emango dugu, eta, jarraian, Jon Badiola mediku gaztea ezagutuko dugu. Ondoren, 'Ekosfera' tartea zabalduko dugu Jokin Aldazabal lankidearekin, EIT Eraikinen Ikuskaritza Teknikoaz aritzeko.
11:00etako kirol aurrerapena egin ondoren, Nerea Ibarzabal, Xabier Amuriza eta Karlos Cid gonbidatuen tartean, ondorengo galdera egingo dugu: unibertsitate masterren inflazioa al dago?
12:00etan, 'Sukaldari Dema'n, Olatz Salvador musikariaren hozkailuan topatutako osagaiekin proposatuko dituzte errezetak Pili Manterolak eta Igor Zalakainek. 12:30ean, musikaz eta bizitzaz ariko zaigu Agus Barandiaran.
07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.