Albisteak
Ostegunean
'Faktoria', ibaiei begira
ERREDAKZIOA | G.U.
Euriteek piztu dituzten alertak direla eta, gure ibaien egoeraren berri jasoko dugu. Gainera, Dorota Krajewska EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakaslea elkarrizketatuko dugu.
Azken orduotan egindako euriteek alertak piztu dituzte Euskal Herriko arroetan. Haiei begira abiatuko da ostegun honetako 'Faktoria', azken albisteen berri emateko entzuleei. 09:30etik aurrera, berriz, Pozalaguan egindako erreportajea eskainiko dute, Bizkaiko kobazulo horiek aurkitu zituztela 60 urte bete diren honetan. Osteguneko sinadurak, berriz, Aingeru Epaltzak eta Ibon Sarasolak jarriko dituzte. Magazinean, gainera, Dorota Krajewska EHuko irakasle poloniarraren bisita izango dugu.
07:00etan hasiko da saioa, Iñigo Alustizaren gidaritzapean. 07:50 aldera, Maite Artolak hartuko du lekukoa, eta Aingeru Epaltzaren sinadura entzungo dugu. 08:00etan, Josu Bujandarekin hitz egingo dugu, eta, 08:30ean, Nerea Azurmendi, Martxelo Otamendi eta Joseba Arruti izango ditugu solasaldian, aktualitateari errepasoa egiten. 09:30 aldera, berriz, Pozalaguan egindako erreportajea eskainiko dugu, Bizkaiko kobazulo horiek aurkitu zituztela 60 urte bete diren honetan.
10:00etan, magazina jarriko du martxan Manu Etxezortuk. Hasteko, Mireia Roca arkitektua, Iranen ibili berria, Zaha Hadid arkitektu ezagunaz arituko zaigu. Hain zuzen ere, Durangoko Tren Geltokia Hadiden lana. 10:30ean, supermerkatuetan lapurretan egiteko taktika berriez ariko gara.
11:00etako kirol aurrerapenaren ondoren, Mikel Chamizo musika konposatzaile eta kazetariren tartea izango dugu,eta euria inspirazio iturri izan duten konposatzaileak ekarriko dizkigu.
12:00etan, Dorota Krajewska unibertsitate irakaslea ezagutuko dugu. Poloniarra da eta euskara ikasten hasi zen, gaztea zelarik, hizkuntza “arraro” bat ikasi nahi zuelako. EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakaslea da egun. 12:30ean, berriz, Maysharen tartea entzungo dugu, 'Arts&Science'.
10:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.