Albisteak
Astelehenean
Imanol Pradales Bizkaiko Ekonomiaren Garapenerako diputatua, 'Faktoria'n
ERREDAKZIOA | G.U.
Europako errugbi txapelketen finalei buruzko balantzea egingo du eta Bizkairako iragarritako errepide-azpiegitura handiez ariko zaigu.
Imanol Pradales Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomiaren Garapenerako diputatua izango da asteleheneko 'Faktoria'ko gonbidatu nagusia. Europako errugbi txapelketen finalei buruzko balantzea egingo du, eta, besteak beste, Bizkairako iragarri dituzten errepide-azpiegitura handiei buruzko galderei ere erantzungo die, 09:30ean.
07:00etan hasiko da albistegia. 07:50 aldera, Maite Artolak hartuko du lekukoa, eta Maddalen Arzallusen sinadura izango da. 08:00etan, Niko Cuencaren ekonomia azalpenak entzungo ditugu, eta, jarraian, Herri Urrats jaiaren balantzea egingo digu Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. 08:30ean, Laura Mintegi, Ramon Etxezarreta eta Jose Ramon Beloki arituko dira aktualitateari buruzko analisian. 09:30 aldera hitz egingo dugu Imanol Pradalesekin, eta, albistegia amaitzeko, Bernardo Atxagaren txanda izango da.
10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du magazinaren gidaritza, eta, hasteko, asteburuko kirol emaitza eta gertakizun guztiak aztertuko dituzte Andoni Urbistondok eta Beñat Zarrabeitiak kirol solasaldian. 10:45ean, Artizarra euskal profesional eta adituentzako sare sozial berriaz hitz egingo dugu.
11:00etako kirol aurrerapenaren ostean, itsasoaz ariko zaigu Xabier Aierdi aditua, eta, 11:30ean, Ziortza Aurrekoetxea ezagutuko dugu. Moda diseinatzaile gazte honek besteek nahi ez dituzten oihalekin egiten ditu jantziak Bartzelonan duen tailerrean.
12:00etan, Kutxa Ekogunea tartea zabalduko dugu lorezaintza egokiaz hitz egiteko, eta, segidan, tilapia arraina hizpide: mundu osoan asko kontsumitzen duten arren, Euskal Herrian nahiko exotikoa den espezie honetaz hitz egingo digu Fernando Sustaetak, NerBreen arrain haztegi akuaponikoko koordinatzaileak. Saioa amaitzeko, Tania Arriagaren 'Harriadak' entzungo ditugu, eta lehiaketa izango dugu.
07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.