Faktoria
Langilearen eguna
Bilbon egingo dira sindikatuen ekitaldi nagusiak
UGT, CCOO, LAB eta ELA sindikatuen ordezkariak elkarrizketatu dituzte 'Faktoria' saioan, Maiatzaren 1ari begira dituzten aldarrikapenen berri jasotzeko.
Mundu osoan ospatuko da Maiatzaren 1a, langileen eguna, eta gurean aurten Bilbok hartuko ditu euskal sindikatuen ekitaldi nagusiak. Ospakizun eguna izatearekin batera, aldarrikapen eguna izango da ostegunekoa, eta Euskadi Irratian euskal sindikatu nagusietako ordezkariekin hitz egin nahi izan dugu euren aldarrikapenen berri jasotzeko.
UGTko kideak CCOOekin batera aterako dira Bilbon kalera, 11:30ean, Jesusen Bihotza plazan hasita; hori izango da Espainiako estatuan egingo duten manifestazio nagusia, eta 'Kalitatezko enplegurik gabe berreskurapenik ez' izango da kaleratuko duten leloa.
LAB sindikatuak ere Bilbon elkartuko ditu bere jarraitzaileak, eta 'Langileok erabaki, Euskal Herriak erabaki dezan' izango da horren aldarrikapena. Manifestazioa 12:00etan hasiko dute, Zabalburu plazan, handik Plaza Biribilera joango dira, eta, udaletxe aurretik, Plaza Barrian amaituko dute, ekitaldi batekin.
ELAk, bestalde, 'Gure eskubideen alde, kalera! Antolakuntza eta borroka' aldarria aterako dute kalera Bilboko kaleetan.