Itxi

Faktoria

Lore-baratzak

Uliako 'Lore-baratzak', auzolanaz gozatzeko aukera bikaina Donostian

B.F.

EiTB

2013an sortutako egitasmoak Donostiako auzo ezberdinetako bizilagunak auzolangintzaren munduan murgiltzea lortu du.

Donostiako Ulia auzoan izan da gaur goizean Euskadi Irratiko unitate mugikorra. Ane Albisu lankidea Leire Rodriguez eta Mikel Agirrerekin izan da bertan, ‘Lore-baratzak’ egitasmoaren berri ematen.

Ulia mendiaren magalean daude Uliako parke eta baratze komunitarioak. 2008ra arte, Donostiako Udaleko lorategiak hornitzeko mintegia zegoen bertan. Mintegia Altza auzora eramatea erabaki zutenean, lur-eremua luxuzko 30 etxebizitza egiteko, auzokideek parke horren azpian dauden XIX. mendeko ur-biltegiak babestu eta lurra beste proiektu batzuetarako erabiltzeko borroka abiatu zuten.

Krisi ekonomikoak auzokideen alde jokatu zuen, eta etxebizitzak eraikitzeko proiektua bertan behera gelditu zen. 2013an, Uliako auzokideek 'Lore-baratzak' proiektua aurkeztu zuten udaletxean, parkea biziberritu eta baratze kolektiboak sortzeko asmoarekin. Udalak proiektua onartu bezain pronto, lanean hasi ziren uliarrak.

Gaur egun, leku bizia da Uliako parkea. Auzotarrak ez ezik, Donostia osoko bizilagunak gerturatzen dira parkea eta baratze komunitarioak txukuntzera. Hilero antolatzen dituzten auzo-langintza saioak nahi duten guztientzat daude zabalik, Leirek eta Mikelek nabarmendu dutenez. Gainera, normalean, laguntzera joaten direnei bertan ekoitzitako produktuen poltsatxoa ematen dietela esan digute.

Baratzean lan egiteko osatzen duten auzotarren talde handiaz gain, komisio txikiak sortu dituzte. Mikelek azaldu digunez, haurren ekintzetarako komisioa, bisita gidatuen komisioa eta lorezaintza komisioa dira horietako batzuk.