Faktoria
Faktoria
Bruce Springsteen, ahaztezina
'The River' biran eskainitako bigarren kontzertua izan da Donostiakoa, eta Bruce indartsu, gogotsu eta irribarretsu ikusi dugu oholtza gainean eman dituen hiru ordu eta berrogei minutuko kontzertuan.
-
9:23 min
Europako biran joko duen hiririk txikienean zaila izango da atzoko gaua ahaztea. Hala adierazi digute bertan egon zirenek; Euskadi Irratiko lankideek, besteak beste. Gaueko bederatzietan, Bruce Springsteenen agurrarekin, "Kaixo Donostia" oihukatuta, lehertu zen Anoeta. “Working on the Highway” kantuarekin hasi zen gaua Donostian, 43.000 lagun parean, eta lehendabiziko akordeetatik, sekulako giroa.
33 kantu, "Nagusia" giroan erabat murgilduta, jendearen artera etengabe jaitsiz, jendea agurtuz, ukituz... Ipurdia ere astindu zuen entzuleen algara artean. Oso umoretsu, bere Fender Telecaster mitikoarekin eta beste dozena erdi gitarrarekin, jendearen kantu eskariak jasoz eta batzuk betez, bere E Street Band ondoan, hildako taldekideei omenaldia eginez amaieran. Era guztietako sentsazioak eragin ditu Bruce Springsteenek, barretik malkoetara, saltoetatik baladen goxotasunera. Euskadi Irratiko lankide eta entzuleentzat, sekulakoa izan da bart gauekoa.