Faktoria
HISTORIA
Elkano, 'euskaldun unibertsala'
Xabier Alberdi historialariak esan digu Elkano izan zela mundua borobila zela enpirikoki frogatu zuen lehena, eta ez zaiola meritu hau aitortu. Elkanoren ekarpena hobeto ezagutzen lagundu digu.
-
Juan Sebastian Elkano
23:52 min
Munduari bira eman zion lehena izan zen Elkano getariarra, baina munduan ez da oso pertsonaia ezaguna, ez eta Euskal Herrian bertan ere. Xabier Alberdi Lonbide izan dugu gaur gurean. Historialaria da, Albaola Itsas Faktoriako Ikerketa Saileko burua eta euskal itsas historian aditua. Alberdik Elkanoren egitandia ez dugula behar bezala ezagutzen uste du, eta munduari bira eman zion lehen espedizioaren bostehungarren urteurrenaren atarian gauden aitzakian, honetaz aritu gara berarekin.
Elkanoren figura ez dugula behar bezala ezagutzen dio Xabier Alberdik, ez nazioartean ez etxean; munduari bira eman ziola besterik ez dakigula. Alberdiren arabera, Elkano izan zen mundua borobila zela enpirikoki frogatu zuen lehena, eta hau ez zaio inoiz aitortu. Gainera, gutxiespen honek euskaldunon lana alboratzen duela dio, aipatzen ez den arren, garai hartan ontziolen industrian euskaldunek oso paper garrantzitsua jokatu baitzuten. Horri guztiari, "Elkano sindromea" deitzen dio Alberdik: "euskaldun unibertsala" izan eta, aldi berean, horren ezezaguna izatea.