Itxi

Faktoria

Politika

Zabala: 'Denok eroso sentitzen garen herri baten alde lan egingo dut'

B.F.

Podemos Ahal Duguren lehendakarigaiak Espainiak "min handia" egin diola eta, aukera asko egotekotan, beste batzuk ere kontuan izango dituela esan du Euskadi Irratiko 'Faktoria'n.

0:32

Euskadiko Podemos Ahal Duguk Pili Zabala proposatu du lehendakarigai barne hauteskundeetan. Pili Zabalak azken egunen laburpena egin eta Podemos Ahal Dugurekin batera lortu nahi dituen helburuen zerrenda osatu du Euskadi Irratiko 'Faktoria'n.

Lehendakarigai izatea onartu zuenetik, orokorrean, “oso harrera ona eta polita” jaso duela esan du Zabalak, eta “espektro guztietatik, gizartearen babes handia” sentitu duela. Gainera, Podemos Ahal Dugun bere aukeraketarekin kritiko izan direnekin harremanik izan ez duela esan du. Zabalaren esanetan, bera “independientea” da, eta albo batean mantentzearen aldeko apustua egin nahi izan du.

Hautagaitza onartzearen zergatiaz ere aritu da Zabala 'Faktoria'n. Gizartean aldatzeko gauza asko daudela uste duen arren, egunerokotasunean gazteekin lan egiten du Zabalak, eta, batez ere, gazteen enpleguaren alorrean ikusitako hutsuneak bultzatu du erabakia hartzera. Arlo honetan, EAJk gauza on asko egin dituen arren, “eroso samar” dagoela esan du Zabalak, eta gizarteak aktibatzeko beharra duela gaineratu du.

Lurraldetasunari dagokionez, “herri honi zer izan nahi duen erabakitzeko aukera ematea” garrantzitsuena dela nabarmendu du. Horrez gain, berak “denok eroso sentitzen garen” Euskal Herri “anitz eta zabal” baten aldeko lana egingo duela adierazi du. Lan hori Espainiaren baitan egingo ote duten galdetuta, Espainiak “min asko egin diola” azpimarratu du Zabalak, eta “beste aukera asko baldin badaude”, aztertu egingo dituztela gaineratu du.

Ezker Abertzaletik jasotako kritiken gainean, bakoitzak bere sentsibilitate eta bizi-esperientziak dituela, eta berak denak errespetatzen dituela esan du.

Biktima izaeraz galdetuta, biktima papera legearen aurrean baino ez duela aldarrikatzen azaldu du Pili Zabalak; izan ere, bizitza pertsonalean ez dela biktima sentitzen, eta lan-munduan eta familia-harremanetan bizitza oparoa izan duela gaineratu du.

atu du.