Faktoria
Sara Majarenasen kasua
'Izarrek Sararekin soilik hitz egiten du erasoaz,ezin diogu ama kendu'
Araitz Zubimendi Sara Majarenas presoaren familiaren bozeramailea 'Faktoria'n.
-
6:49 min
Gaur, martxoak 2, hiru urte bete ditu Sara Majarenas euskal presoaren Izar alabak. Urtarrilaren hasieran bere aitak labankadaz larri zauritu zuen Izar, eta bost aste eman ditu erietxe batean. Espetxera itzuli dute berriro Izar baina, Espainiako legediak aurrikusten du moduan, hiru urteak betetzearekin batera kartzelatik aterako da. Araitz Zubimendi Majarenas familiaren bozeramailearekin hitz egin dugu 'Faktoria'n.
Sara Majarenas eta Izarren alde osatu den plataformako ordezkariak Eusko Legebiltzarrean alderdi guztiekin bilerak egingo dituzte gaur. Zubimendik proposamen argia jarriko die mahai gainean: "Nahi duten eran, erosoen dauden hitzekin, baina ama-alabak elkarrekin eta aske egoteko bidean bat egin dezatela".
Izar gaur aske geldituko da baina, Zubimendik aurreratu du, Sara Majarenas presoaren egoeran aldaketak etorri litezkeela. Zigorraren hiru laurdenak bete dituen arren, Picassenteko kartzelan jarraitzen du. Espetxe zaintzako epaileak ama, alaba eta senideei buruzko txosten psikologikoak eskatu ditu. Ikerketak eskutan, datozen egunetan erabakiko du Majarenasen abokatuak eskatu duen askatasun eskaria onartzen duen ala ez.