Faktoria
Haur kanten diskoa
Maribi Unamuno: 'Umeei ez kantatu Cinco lobitos, kantatu Maro marotxu'
Alaia izena jarri dio 27 piezaz osatuta grabatu duen diskoari ahoz-aho eta mendez mende transmitu diren haur kantekin
-
22:30 min
"Ala kinkirrinera", “Txikittu polit hori”, "Txankurrillo kaminero"... Gure oroitzapenen kutxan geratu diren kantak dira. Gerta dakiguke, hasieran, horrelako doinu bat entzuten dugunean, ez ezagutzea, baina gero bata bestearen atzetik etortzen zaizkigu burura. Hori gertatu zitzaion Maribi Unamunori ere. Duela 30 urte, haurrekin jolasean edo haiek lotarazteko entzun eta abestu izan ditugun kantak kasete batean grabatzea erabaki zuen, gertuko lagun eta senitartekoentzat, haien haurrentzat. Duela gutxi, Alaia izeneko iloba jaio zen eta jaiotza horrek zerbait piztu zion Unamunori barruan. Kasete zahar hartako kantak eguneratu eta cd formatuan argitaratzea erabaki zuen. Eta horixe erakustera etorri da gurera: “Alaia” ume kanten bilduma.
Grabazioaren zabalkundeaz gehiegi arduratu gabe, 100 aleko sorta kaleratu du. Aulestiko Altxatun grabatu ditu kantok, batzuk bost segunduko soinuak dira, entzule bakoitzak bere erara molda eta kanta ditzan, beti egin izan den bezala, “gutariko bakoitzak dugu eskubidea egokitzeko eta asmatzeko”, gehitu du. Guztira 27 pieza, a capella kantatuak, ume bati abesten egongo balitz bezala, "sentimendu horrekin kantatzen dut" diosku EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakasleak. Denboran atzera joan behar da kanta hauen jatorriaren bila, iluntasunean galtzen da ahozko transmisioaren haria tira egiten diogunean. Altxor hori batzea eta ezagutzearen balioa azpimarratu du Unamunok: "Umeei ez kantatu Cinco lobitos, kantau Maro marotxu".