Itxi

Faktoria

Iñigo Urkullu, Faktorian

'Kupoaren akordioak aldebikotasun harremana dagoela frogatzen du'

Iñigo Urkullu lehendakariak dio gaur arratsaldean kontzertuaren bitariko batzordean sinatuko den kupoari buruzko akordiak argi uzten duela, Euskadi eta Espainiko gobernuaren arteko bitariko harremana.

  • 40:25 min
imagen player
imagen player
imagen player

Iñigo Urkullu lehendakariak garrantzia berezia ematen dio gaur arratsaldeko akordio izenpetzeari. Euskadi Irratiko 'Faktoria'n azaldu duenez, "kupoa ez da diru kontua soilik, foru kontua ere" badelako.

Kontzertuaren bitariko batzordean izenpetuko dute akordioa, eta horrek erakusten du, Iñigo Urkulluren hitzetan, Espainia eta Euskadiko gobernuen arteko aldebikotasun harremana. Kupoaren akordioa sinatzearekin, lehendakariak nabarmendu duenez, "10 urteko lehiari" amaiera eman zaio.

Urkullu lehendakariaren hitzetan, urte askotako lanaren ondoren, "Euskadik prestigioa irabazi du Europan".

Bestalde, Mariano Rajoyk gidatzen duen Espainiako Gobernuak Poliziaren gehiegikerien legearen aurka Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako helegiteak "ez dauka inolako logikarik", Urkulluren iritzian. Jaurlaritzak "defendatzen" jarraituko du, Konstituzionalean, "eta erakunde europarretan ere beharrezkoa bada".

Gainera, EH Bilduk eta Podemos Euskadik Estatuko Aurrekontu Orokorren aurka aurkeztutako mozioa eta lege proposamenaz ere mintzatu da lehendakaria. Harrituta agertu da Urkullu Eusko Legebiltzarrean "beste Gobernu" baten legeak eztabaidatzeagatik, beste parlamentu batan eztabaidatu behar baitira.

Halaber, adierazi duenez, bi koalizioek hainbat ekimen aurkeztu dizkiote Eusko Jaurlaritzari Espainiako Gobernuarekin negoziatzea eskatuz, eta gauza asko eskatu dizkiote "normala denez". Horren ildotik, nabarmendu egin du EH Bilduk, bai pribatuan, baita Legebiltzarrean ere, esku hartzea eskatu diola espetxe politika aldatzeko, eta horretan ados dagoela adierazi du lehendakariak.

Alabaina, Kupoaren kasuan, lege bat aldatu behar zuten, eta hori hitz egin, eztabaidatu eta negoziatu egin behar da norbaitekin -dio Urkulluk- horregatik ez da ulertzekoa esatea Gobernu horrekin ezin dugula hitz egin, agintean dagoen alderdia ustez ustela delako. Orduan, Espainiako Gobernuarekin "hitz egin behar badugu" baina PP denez "ezin dugu" hitz egin, zein da egoera?, egonkortasun falta eta hauteskunde deialdia?, galdegin du.

Hala, berretsi duenaren arabera, Gobernua gauza bat da eta alderdia beste gauza bat. Gainera, PPrekin oso kritiko eta zorrotza bada ere, "gizartearen aurrean" gauza asko argitu behar dituelako, erakunde baten ordezkari den heinean, beste erakundeetako ordezkariekin ere hitz egin behar duela azaldu du lehendakariak.