Faktoria
Eguneko efemeridea
Duela 180 urte jaio zen Raimundo Sarriegi
Gaur, efemeridearen tartean, 'San Sebastian Martxa'ren egilea: Raimundo Sarriegi. 1838ko martxoaren 15ean jaio zen konpositore, kantari eta musikari donostiarra.
-
3:43 min
1838ko martxoaren 15ean, duela 180 urte, jaio zen Raimundo Sarriegi bere hiri kuttunean, Donostian, eta txikitatik nabarmendu zen musika munduan. Kantari aparta, tenorea izan zen Alde Zaharreko San Vicente parrokian, txaranga bat sortu eta zuzendu zuen eta garaiko Donostiako musika munduan erreferente bihurtu zen. Orain besterik pentsa badezakegu ere, gitarra zuen instrumentu kuttuna.
Urteetan Donostiari eta bere jaiei eskainitako obra ugai idatzi zuen, ezagunenak zalantzarik gabe tanborradari lotuak dira: 'Donostiako martxa'z gain, 'Retreta', 'Polka', 'Tatiago' edo 'Iriyarena'. Dena den, Donostiako inauterietarako, konpartsetarako eta beste hainbat ekimenetarako ere sortu zituen kantuak, herri kantutegi oso bat. Eta herriak eskertu zion, oso maitatuta izan zen bizi zela, eta bere hiletan jendetza handia elkartu omen zen. 1913ean hil zen eta, hurrengo urtean, 1914ko San Sebastian egunean ez zen danbor hotsik izan hirian.
Jose Inazio Ansorena Donostiako txistulari bandako zuzendariak uste du Sarriegik donostiar izatearen harrotasuna zabaldu zuela, erre ondoren berriz eraiki zen hiri hartan bizipoz eta baikortasuna erein zuela.
Raimundo Sarriegi, danbor hots bakoitzean Donostiak oroitzen duen musikariak kuttuna izaten jarraitzen du 180 urte geroago…