Itxi

Faktoria

Euskaldunak Errusian

'Moskurekin gorroto-maitasun harreman bat dut'

Ainhoa Ayerbe eta Xabier Azpillaga Moskun bizi dira. Errusiako hauteskundeen atarian, haien begietatik egungo errusiar gizartea nolakoa den kontatu digute

  • 21:19 min
imagen player
imagen player
imagen player

Igandean  hauteskundeak izango dira Errusian, eta ez da inolako ezustekorik espero… Boterean 18 urte daramatzan Putinek irabaziko ditu hauteskundeak. Baina hauteskunde hauen atarian sekulako krisi diplomatikoa sortu da azken ordu hauetan Erresuma Batua eta Errusiaren artean. Theresa Mayk 23 diplomatiko errusiar kanporatu ditu, Errusiak zerikusia duelakoan Sergei Skripal espia oiharen pozoinketarekin.

Euskadi Irratiko nazioarteko aditu Juanjo San Miguelek esan digunez, Errusiak frogak erakusteko eskatu dio Erresuma Batuari eta haiek ere erantzungo diotela errusiar diplomatioen kanporatzeari, hain zuzen ere diplomatiko britainiarrak Errusiatik botaz. “Gauza hauek badakigu nola hasten diren, baina ez dakigu nola amaitu daitezkeen”, gaineratu du San Miguelek eta gehitu ez dakigula "benetan zer gertatu den. Gasa Sobiet Batasunaren garaian egina omen da, baina adituak ere ez daude ziur nork pozoitu dituen Skripal eta bere alaba. Errusia edo gasa eskuratu duen norbait izan daiteke. Izan ere, "bi mailako Estatua dago Errusian: azaltzen dena eta estolderiak". Eta askotan ez dago goitik beherako lotura zuzen edo  agindu zuzenik.

Krisi diplomatiko giro honetan eta hauteskundeen atarian, Errusiako gizartea nola ikusten duten galdetu diegu bertan bizi diren bi euskal gazteri.

Ainhoa Ayerbe beasaindarra da, eta duela zazpi urte iritsi zen lehendabizikoz Moskura, Etxepare Institutuaren bitartez euskara eta euskal kulturaren irakasle izateko. Lau urte egin zituen eta Euskal Herrira itzuli zen. Baina berriz ere joan da orain gutxi, kasu honetan SPRIrentzat ari da lanean nazioartekotze beka batekin.

Xabier Azpillaga, berriz, irailean iritsi zen Moskura Eibartik, eta Lomonosov Unibertsitatean irakaslea da, euskara eta euskal kultura irakaslea, bera ere Etxepare Institutuarekin joana.

Ainhoak itzulpengintza ikasi zuen eta orduan aukeratu zuen errusiera ikastea. San Petersburgon ere bizi izan zen, beka bati esker. Eta Errusiako hizkuntza eta kultura asko gustatu zitzaizkion. "Hizkuntza eta kulturaren bidez" sartu zen Errusian, "pixkat kasualitatez", esan digunez.

Xabier, berriz, orain ari da ikasten hizkuntza ikasten. Hizkuntza "nahiko desberdina da eta mentalitate irekia izan behar da" ikasteko, dio eibartarrak. Errusiarrez inguratuta egoteak asko laguntzen du zentzu horretan, izan ere, "inmertsio linguistikoa oso handia da".

Mosku nolakoa den galdetuta, biak ados daude: ez zaitu inoiz epel uzten hiri honek. "Moskurekin gorroto-maitasun harreman bat dut", esan du Ainhoak. Xabierrek gaineratu duenez, Moskuk izaera propioa du eta Europako gainontzeko hirietatik oso diferentea da. Entzun hemen elkarrizketa osoa!