Faktoria
Sukaldari dema
Patatak garnizio moduan prestatzeko bi era
Patata, hirugihar eta gazta opila prestatu du Pili Manterolak. Igor Zalakainek, berriz, labean egindako patata berria, etxean egindako ketchup eta alioliak lagunduta
-
21:52 min
Patata, hirugihar eta gazta opila (Pili Manterola)
Osagaiak:
- Plum cake opilak egiteko moduko molde bat
- Patatak
- Hirugiharra
- Emmental gazta
- Tipula
- Gatza eta piperbeltza
Prestaketa:
Moldearen barruko alde guztia hirugiharrez forratuko dugu. Ondoren, xafla finetan egindako patata geruza bat, tipula geruza bat, Emmental gazta birrinduko beste geruza bat, hirugihar geruza bat ostean... Osagai diferenteen geruzaz geruza molde osoa beteko dugu. Gatza eta piperbeltza egin, baina ez gehiegi, hirugiharra nahiko gazia da eta berez. Bukatzeko hirugiharrarekin estaliko dugu gure patata opila.
150ºC-tan labean sartu eta ordu betez utzi.
Patata opilak ia edozein plater laguntzeko balio du: arrautza frijituak, haragia eta baita arraina ere. Hozkailuan gorde dezakegu eta behar dugunean zati bat moztu, bizkotxo bat balitz moduan. Momentuan berotu mikrouhin labean edo zartagian eta jateko prest!
Labean egindako patata berria, etxean egindako ketchup eta alioliak lagunduta (Igor Zalakain)
Osagaiak:
- Tamaina ertaineko patata berriak
- Oliba olio koilarakada bat
- Gatza, piperbeltza eta ezkaia
Patatak egosi egingo ditugu ur gatzatuan 10 minutuz. Handiak badira, laurdenetan edo erdietan moztu. Azalarekin utziko ditugu, edozein kasutan. Egosi ostean, labean sartu, oliba olio koilaradaz bustiak eta gatza, piperbeltza eta ezkaia botata. Ordu erdi 180ºC-tan.
Aliolia egiteko, maionesa bat egingo dugu, baina berakatz-ale bat birrindu botako diogu arrautzari. Ondoren olioa joan gehitzen. Gatz puntua eta ozpina ahaztu gabe.
Ketchupa egiteko osagaiak:
- Dl 1 oliba olio
- Tipula txiki bat
- Berakatz-ale bat
-20 gr azukre beltzaran
- Dl erdi Xerex ozpin
- Kilo 1 tomate birrindu
Ketchupa prestatzeko: oliotan erregosiko ditugu, emeki emeki, kolorerik eman gabe, tipula eta berakatza. Gehitu azukrea ondoren, urtu arte. Ozpina gehitu eta dena murrizten utzi. Ondoren tomatea botako dugu eta 20 minutuz emeki emeki dena goxatu dadin utzi dugu sutan. Azkenik birrindu egingo dugu.
Patatak labetik atera eta ontzitxo banatan aliolia eta ketchupa jarri patatak bertan bustitzeko.