Itxi

Faktoria

Eguneko efemeridea

Ígor Stravinski hil zela 47 urte

XX. mende hasierako musikagile garrantzitsuenetako bat izan zen errusiarra 1971ko apirilaren 6an hil zen.

  • 2:48 min
imagen player
imagen player
imagen player

Efemeridearen tartean, XX. mende hasierako musikagile garrantzitsuenetako bat: Ígor Stravinski. Gaurko egunez hil zen, duela 47 urte.

Ekainak 17 zituela, 1882an jaio zen Ígor Fiodorovitx Stravinski, Errusiako Oranien Baum hirian. Aita opera abeslari ezaguna zuen, eta harengandik jaso zuen musikarekiko pasioa. Zuzenbide ikasketak hasi bazituen ere musikaren bidea lehenetsi zuen, eta 20 urterekin Rimski Korsakov izan zuen irakasle, bere garaiko Errusiako musikagile esanguratsuenetako bat.

Stravinskiren obraren aniztasuna nabarmendu du Joxe Inazio Usabaigak, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari teknikoak. Lehen urteetan balleterako hiru piezarekin nabarmendu zen batik bat: 'Suzko txoria', 'Petrushka' eta 'Udaberriaren sagaratzea' izan ziren bere arrakastaren abiapuntu. Azken horren estreinaldiak harrabotsa sortu zuen Parisen, 1913an: musika gogor eta frenetikoak harridura, protesta oihuak eta aldekoen txaloak eragin zituen entzuleen artean.

Hiru ballet ezagun horietatik harago, ordea, badira obra berezi gehiago ere. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak kasurako, errusiarraren bi obra eskaini berri ditu martxoko programan: Korsakov irakaslearen omenezko 'Hileta kanta' eta Txaikovski gogoan duen 'Maitagarriaren muxua'. Obra ezagunen artean ere, 'Soldadu baten historia'. Aurten, hain justu, 100 urte dira pieza estreinatu zenetik.

Errusia utzita, Suitza eta Frantzia ere bizileku izan zituen Stravinskik, eta musikagile bezala ez ezik, piano jotzaile eta zuzendari gisa ere nabarmendu zen.

Azken urteak, berriz, Estatu Batuetan eman zituen, eta han hil zen, New Yorken, 89 urte betetzear zela. Haren izarrak dizdira egiten du oraindik Hollywoodeko Ospearen Pasealekuan, baita mundu osoan ere.