Faktoria
Txori kantu ikastaroa
Mikel Olano, ornitologoa: 'Ordu asko sartuz gero, azkenean ikasi egiten da'
Donostiako hegazti abiagileen atlasa osatzen dihardute Aranzadi Zientzia Elkartea eta Donostiako Udala, beste elkarte batzuekin batera, eta astero txorien kantuen ikastaroa eskaintzen ari dira.
-
Maite Laso eta Mikel Olano, Aranzadi Ornitologoak
25:14 min
Maite Laso eta Mikel Olano ornitologoek Donostiako hegazti abiagileen atlasa nola ari diren osatzen kontatu digute 'Faktoria'n. 2017an hasitako egitasmoak 2019ra arteko epea du. Hiru urte hauetan, Donostian bizi diren hegazti espezieen atlasa osatu nahi dute. Ekimenean, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Udalarekin batera, Cristina Enea Fundazioa, Itsas Enara Ornitologi Elkartea, Ugatza Ornitologi Elkartea, Seo/Birdlife eta Club Vasco de Campingek hartzen dute parte. Apirilaren 5ean hasita, eta hiru astez, hegaztien kantu ikastaroa antolatu dute eta sekulako arrakasta ari da izaten. Ostegunetan klase teorikoa izaten da eta asteburuetan irteerak egingo dituzte. Pasa den asteburuan Ametzagainan izan ziren eta ondoren Lau Haizetara eta Uliara joango dira.
Jende askok eman du izena hegazti kantuen ikastaroan. Izena eman dutenen artean, gehienak jubilatuak dira, Mikelek esan digunez. Gazteek baino grina handiagoa ei dute, hegaztien kantuak ikasteko orduan. Gehienetan, haurtzaroan edo gaztetxotan izaten zituzten denbora-pasen oroitzapenak bultzatuta, ornitologiara hurbiltzen dira. Garai batean, haur askoren afizioa zen, esaterako, hegaztien habien bila ibiltzea. Egun, berriz, kontzientzia ekologiko handiagoa duten arren, gazteenek ez dituzte euren inguruko hegaztiak - edo beste animalia edo landare motak- ezagutzen, Olanoren iritziz. Bera ordu asko pasatakoa da, lurrari begira, egunsenti eta ilunabarretan, hegaztien kantuei adi. "Ordu asko sartuz gero, azkenean ikasi egiten da", esan digu.
Atlass.eus helbidean Donostiako hegaztien mapa ikus dezakegu, Maite Lasok esan digun moduan. Bertan, koadrantez koadrante, hiri osoan ikusi eta entzun dituzten hegaztien zerrendak azalduko zaizkigu, bakoitza bere irudi, deskripzio eta audioarekin ere bai. Belarria ohitzen hasteko modu bat izan daiteke eta, hurrengoan, nork daki, egunsenti edo ilunabar aldera inguratzen gaituen abesbatza miresgarriaren kantari lumatsuen soinuak desberdinduko ditugu. Entzun hemen elkarrizketa osoa!