Faktoria
Eguneko efemeridea
Simone De Beauvoir jaio zela 111 urte
1908ko urtarrilaren 9an, Parisen jaio zen feminismoaren mugimenduaren historian ikur bat den emakume hau.
-
Simone De Beauvoir. Argazkia: Moshe Milner
Simone de Beauvoir idazle, pentsalari eta feminista frantziarraren jaioteguna dugu gaurkoa. 1908an, Parisen jaio zen feminismoaren mugimenduaren historian ikur bat den emakume hau.
Filosofoa zen, existentzialista, eta bere teoria filosofikoetan oinarrituta aztertu zuen emakumeen egoera eta jasaten zuten diskriminazioa. Begoña Muruaga Maria de Maeztu Forum feministako partaideak nabarmendu digu ezkondu ondorengo bizitza erakunde burges nazkagarri gisa deskribatzen zuela, prostituzioaren antzekoa: emakumea ekonomikoki bere senarraren mende dagoenean eta independizatzeko aukerarik ez duenean bezala. Abortua ere defendatu zuen, hilketaren pare jartzen zenean…
Bigarren Sexua 1949an argitaratu eta 22 mila ale baino gehiago saldu ziren lehen astean. Mundu andro-zentrsita baten isla da bere lana, gizonak erdigunean dauzkan gizarte batean txertatzen ditu emakumeak. Gaurkotasuna dute Beauvoirrek mahai-gaineratutako ideia ugari, Begoña MURUAGAk azpimarratu digunez.
Emakumea, intelektuala, pentsalaria, filosofoa, burgesa, konprometitua, feminista… eta abar luzea izan zen Simone de Beauvoir. 1986an hil zen Parisen, baina bizirik jarraitzen dute berak piztu eta defendatu zituen ideiak.