Faktoria
Eguneko efemeridea
Gunter Grass idazlea hil zela 3 urte
2015eko apirilaren 13an hil zen idazle alemaniar emankor eta polemikoa.
-
3:48 min
Gaur, bere herriaren miseriei begiratu zien idazle handia, Gunter Grass. 2015eko apirilaren 13an, duela hiru urte, hil zen idazle emankor eta polemikoa.
1927an jaio zen eta oso gazterik, 17 urterekin soldadu izan zen naziekin. Hori jakin zenean polemika eragin bazuen ere, Grass ulertzeko bere garaiko idazlea izan zela azpimarratu digu Gorka Arrese editoreak.
Gerra ostean, Arte Ederrak ikasi zituen eta hasieran marrazten hasi zen, 50eko hamarkadan idatzi zituen lehen poemak eta antzerki lanak, 59an, berriz, bere bizitzan mugarri izango zen lehen nobela, Latorrizko Danborra. Hor erakutsi zuen Alemaniaren minei begiratzeko bere asmo eta modu berezia.
Obra oparoa utzi du duela hiru urte hil zen idazleak. Euskaraz, nahi izatera, Katua eta sagua nobela dago irakurgai, Grassen beste nobela esanguratsuenetako bat. Eleberri osoa ez, baina idazle alemaniarraren autobiografia modukoa den Nire Mendea liburuko pasarte bat itzulia du Gorka Arresek, pasarte esanguratsua.
1999an Literatura Nobel saria eskuratu ostean, Alemanian ere lortu zuen Gunter Grassek ordura arte nekeza zitzaion goresmena, zauri eta erruak azaltzen zituen idazle hura ez baitzen erraz herrikideentzat, areago, Alemaniaren bateratzearekin ere kritiko izan ostean, Ekialdeko Alemaniako herritarrak bigarren mailako bihurtu zituztela salatu baitzuen. Azken finean, Hil baino aste gutxi lehenago Grassek esana da, “mina da lanerako eta sortzeko indarra ematen didana”.