Itxi

Faktoria

Eguneko efemeridea

Remigio Mendiburu eskultorea hil zela 28 urte

59 urte zituela hil zen 1990eko apirilaren 16an.

  • 3:29 min
imagen player
imagen player
imagen player

Gaur hitzaren zentzurik sakonenean, euskal sustraiei erreparatu zien eskultorea, Remigio Mendiburu. Juanjo Dorronsoro arte adituak Oteizaren hitz horiek ekarri ditu gogora Remigio Mendiburu definitzerakoan. 1931an Hondarribian jaioa, familiarekin batera erbestera jo behar izan zuen Gerra Zibilean. Oso gazte zela, ordea, artearen harrak kutsatuta, Arte ikasketak egitera Madrilgo San Fernando akademia ezagunera jo zuen eta ondoren Bartzelona eta Parisera. Hasiera hartan ez zen erabaki erraza izan familiarentzat, Inotzi Mendiburu, Remigioren alaba, gogoratu zuen moduan.

Paristik bueltan Euskal Herriko arte mugimenduan mugarri izan zen GAUR taldeko kide izan zen Remigio Mendiburu, Oteiza, Chillida, Basterretxea, Zumeta eta garaiko handienekin batera. Estilo propioz, egurra landu zuen bereziki, enborren formak errespetatuz baina hainbat tresnaren bidez manipulatuz, korapilutatko enborrak, sustraietara begiratzen dutenak… lan oparoa utzi du arlo honetan eta sari ugari jasotzeaz gain, Hondarribian bertan, Donostian edo Leioan ikus daitezke bere lanak, besteak beste. Baina egurrarena ezagunena izan arren, paperean egindako lanak, edo pinturak ere baditu.

Izotz semeak nabarmendu izan duen moduan, lan oparoa utzi digu, gazte hil arren. B hepatitiak eraginda 59 urte zituela hil zen 1990eko apirilaren 16an.

Hurrengo urteko, 1991ko, Korrikak omendu egin zuen Remigio Mendiburu eta eskultoreak berak hil aurretik idatzitako testua irakurri zen amaieran. Izan ere, Remigio Mendiburuk diseinatua da 2 urtez behin eskuz esku eramaten dugun KORRIKAREN lekukoa. Mendibururen originala zahartuta, gaur egungo kopia Juan Gorritik egina bada ere, Korrikaren bidez euskaldunongan jarraitzen du Remigio Mendibururen arteak.