Itxi

Faktoria

Berpiztea bezala

Jokin Lizeaga: 'Bizirik nago eta pozik'

Hiru orduz, sima hotz batean erori eta zaurituta eta bakarrik zegoela, beso bakarraren laguntzaz zuloan gora eskalatzea lortu eta bizia salbatu zuen.

  • Jokin Lizeaga

    Jokin Lizeaga

    25:00 min
imagen player
imagen player
imagen player

Berriro ongi etorria eman diote Jokin Lizeaga korrikalariari etxean, lagunen artean, Urnieta herrian. Ez du erraz ahaztuko apirilaren 7an gertatu zitzaiona. Asturiasen, mendi lasterketa egiten ari zela sima batean amildu, eta hainbat orduz elurrak eta urak inguratuta. Sorbalda hautsita, besoetako bat zintzilik zuela, saihets bat puskatuta eta orkatilak ere ikututa zituela paretan gora egin zuen ahalik eta gehien, atzetik zetozen korrikalariak konturatu zitezen han zegoela… Helikopteroan atera zuten inguru hartatik.

Orain ebakuntza egin behar diote eta mina badu, baina "ezer gutxi daukat. Bizirik nago eta pozik”, esan digu 'Faktoria'n. Ez du inoiz ahaztuko Pastoras de Portuderas izeneko lasterketan gertatu zitzaiona. Baina lasai kontatzen du, gogoratu ahala, egun hartan gertatu zitzaiona.

Munduko maratoirik gogorrenetako batean, lehendabiziko postuan zihoan: "Lasai irten nintzen. Helburua zen minik ez hartzea", arriskutsua zela bazekien eta "orkatila justu samar neraman". 23 kilometro egin ostean, elurgune bat zapaldu eta "azpian, zulo batean, bidaia berri bat hasi zen nire bizitzan, inoiz ahaztuko ez dudana", gogoratu du.

Abiadura handiz erori zen zulotik behera, kolpe handirik jo gabe, 15-20 bat metro, lurra hartu arte. "Bost, sei edo zortzi segundu horiek oso luzeak" egin zitzaizkion. Eta bi pentsamendu izan zituen une horretan: heriotza eta erorketa itsasoan bukatuko zela. Baina, itsasoan barik, halako batean, zutik, zulo batean aurkitu zuen bere burua. "Gora begiratu eta oso urruti ikusten zen nik egindako zuloa… platertxo baten tamainako zulotxoa". Elur-ur izoztua goitik behera… Itxaropen gutxi. Hurrengo minutuak oso luzeak egin zitzaizkion. Lasterketan bakarrik zihoan,  bost edo zazpi minutuko aldea zuen, mendian ere ikusle gutxi zegoen... "Zulo horretara erori nintzela nik bakarrik nekien", gehitu du. Eta orduan, beste lasterketa bat hasi zen: bizirik irauteko lasterketa.

Minutu batzuk noraezean pasa zituen, "heriotzaren jabe egiten eta nire amaiera nola izango zen pentsatzen", dio Julenek. Familia, umeak...  horiek zituen pentsamenduak. Baina, gero, irten beharrak, ihes egin beharrak, biziraupenaren instintuak, pentsamendu ilunak baztertu zituen. Bazekien tenperaturari eutsi eta energia gutxi gastatu behar zuela. Zorionez, gorputza ez zuen larregi estutu lasterketan eta burua argi zuen. Eskalatzen hasi zen, nahiz eta beso bat zintzilik izan, sorbaldaren luxazioaren ondorioz. Bazuen janari apur bat, baita ura ere. Horrelako lasterketa batean derrigorrezkoa den zira jantzi zuen. Manta termikoa eta txilibitua ere derrigorrezkoak dira eta aldean zeramatzan oraindik. Burua hotz, baina arriskua presente, hala ere: "Inork ez bazidan entzuten han bukatuko zen nire bizitza", dio Urnietako korrikalariak. "Zain… gora begira jarri… Geldi… norbaiten hankak edo ahotas entzun zain", geratu zen. Eta zorionez, pasa ziren. Guztira hiru ordu eman zituen zuloan, zaurituta, bakarrik, handik ateratzea lortu zuten arte. Horrelako egoera batean, gertatu zitekeen errazena han geratzea zela esan zioten erreskatatu zuten suhiltzaileek. Entzun hemen elkarrizketa osorik!