Faktoria
Eguneko efemeridea
Gaurko egunez hil zen 'Tito', Yugoslavia sozialistaren aita
Josip Broz, ia 40 urtez herrialdea gidatu zuen agintaria, 1980ko maiatzaren 4an hil zen.
-
3:25 min
Josip Broz Kroazian jaio zen baina ama esloveniarra zuen eta bertan hazi zen. Apenas ikasketarik izan gabe, sindikalgintzan hasi eta lehen mundu gerran parte hartu zuen inperio austro-hungariarrarekin karrera militarra eginez. Zarismoak espetxeratua, ondoren Errusiako iraultzako armada gorriarekin bat egiten zuen. Etxera bueltan, legez kanpo zen Yusgoslaviako Alderdi Komunistan sartu zen, eta espetxean egon zen 1928tik 34ra. Ondoren, Parisera ihes egin zuen Espainiako Gerra Zibilean errepublikari sostengua ematera. Joan-etorri horietan gutxienez 6 hizkuntza hitz egitera iritsi zen eta hain zuzen ekintzailetasun hori izan zen bere eskola, Mikel Aramendi nazioarteko politikan adituak esan digunez.
Bere agintaldia ulertzeko giltzarria ordea, Bigarren Mundu Gerra da. Yugoslavian ostera nazien aurkako erresistentziaren buru bihurtua, gerrilla sendoa osatu zuen, eta nazien aurkako garaipenarekin heroi bihurtua, yugoslaviar federazioaren birsortzean erreferentzia izaera aitortu zioten. Helburu bat izan zuen hasieratik, federazio barneko nazioen arteko orekei eustea.
Pertsonalitate handikoa, Yusgoslavia ez zen herrialde komunista bat gehiago izan, Stalinekin hautsi egin zuen eta mendebaldearen eta sovietarren arteko jokoan 1961ean estatu ez alineatuen idazkari nagusi bihurtu zen. Disidentziaren aurkako operazio eta hilketak burutzeko ez zuen zalantzarik izan, honela bere aginte karismatikoak indar militarra zuen oinarri. Pixkanaka ordea, Bosnia, Serbia, Montenegro, Eslovenia, Kroazia eta Mazedonia batzen zituen federazio hartan nazio tentsioak ostera ere agertzen hasi ziren. 1980an ordura arteko munduko estatu hileta handienez, berak hain maite zuen handitasunez esan zion agur herriak… baina esandakoa Yugoslaviako federazio hark ezin zuen iraun bera gabe.
Eta zoritxarrez artefaktu haren leherketak utzitako minak bistan dira oraindik Balkaneetako herrialdean, guztiak batzen asmatu zuen azken liderraren 'Tito' mariskalaren heriotzaren 38. urteurrenean.