Itxi

Faktoria

Eguneko efemeridea

Gaurko egunez hil zen Jon Salaberri, hiesdunen aldeko ekintzailea

90eko hamarkadaren hasieran Euskal Herrian HIESAren aurpegia izan zen Jon Salaberri, eta 1995eko maiatzaren 10ean hil zen.

  • 3:38 min
imagen player
imagen player
imagen player

80ko hamarkadan HIESak gizartean eragiten zuen beldurraren, ezjakintasunaren eta bazterkeriaren kontra borrokatu zen Jon Salaberri. Bide malkartsua izan zen: heroinazalea, homosexuala eta gorria zen. Hamarkada horren amaieran, HIESa zuela jakin zuen, eta arrebak lagunduta utzi zuen heroina. Eusko Jaurlaritzan egiten zuen lana ere utzi behar izan zuen, eta ordutik buru-belarri ekin zion misio horri.

Joxe Aranzabal kazetariak eta Salaberriren inguruko liburu digitalaren egileak azaldu digu, aurrerantzean, ausardia handiz lan sutsua egin zuela Salaberrik. HIES EKIMENA izeneko erakundea sortu zuen… Euskal Herriko hamaika eskolatara joan zen hitzaldiak ematera, artikuluak idatzi zituen, hedabideetan elkarrizketak eskaini zituen… Baina erabateko babesa eta arrakasta 1993an iritsi zitzaion: 'Emaidazu eskua, ez da ezer gertatzen' kanpainarekin.

HIESaren aurpegia bihurtu zen Euskal Herri mailan, bera bezalako gaixoen alde egindako lanak fruituak eman zituen. Gaitzari, ordea, ezin izan zion aurre egin, eta bi urte beranduago, 1995eko maiatzaren 10ean zendu zen Jon Salaberri.