Itxi

Faktoria

Minbizi metastasikoa

Agurtzane Agirre: 'Ez ahaztu gurekin, oso bizirik gaude'

Espainian, 100.000 lagun dira bularreko minbizi metastasikoa dutenak. Euren aldarrikapena da, batez ere, bularreko minbizi metastasikora bideratzen den ikerketarako diru kopurua gehitzea.

  • 18:58 min
imagen player
imagen player
imagen player

Agurtzane Agirreri duela lau urte esan zioten minbizia zeukala. Bularreko minbizi metastasikoa, hau da, bularretik minbizi zelulak beste organu batzuetara igaroak ziren. Agurtzaneren kasuan, hezurretara. Sendatzen ez den % 20 hori osatzen duenetako bat da. Espainian, 100.000 lagun dira, Agurtzanek bezala, bularreko minbizi metastasikoa dutenak. Berriki, elkarte bat sortu dute. Euren aldarrikapena da, batez ere, bularreko minbizi metastasikora bideratzen den ikerketarako diru kopurua gehitzea. Ikerketan inbertitzeak euren bizi-baldintzak hobetzea eta bizitza luzatzea ekarriko baitu.

Bizitza goitik behera aldatu zitzaion duela lau urte, esan bezala, eta “ezin dugu alde negatiboa alde batera utzi”, errealitatea hor dago, baina "minbiziarekin bizitzen ikasten da eta bizitza zoriontsua izaten ikasten da, gaineratu du. Bizitza askoz ere kontzienteagoa bizi du gaitza duenetik. Estutasunak, larritasunak, nahigabea, ziurgabetasuna... hor daude, baina "ikasi dugu bizitza dela momentu batean eskuetatik joaten den gauza bat" eta horregatik, orain, oso kontziente da.

Agurtzanek lana utzi behar izan zuen, enplegu teknikaria zen eta oso momentu traumatikoa izan zen berarentzat. Lan bokazionala zuen eta bere bizitzako puzzlearen pieza hori erortzeak desoreka ekarri zion. Hala ere, beste euskarri batzuetara heltzen ikasi du. "Bizitza aktibo bat eduki behar da", dio: "Gure lehenengo lana gure burua zaintzea da eta ahalik eta bizitza egonkorrena izatea". Agurtzanek ikasi du bizitza ez dela bakarrik sistemak eramaten zaituen bide horretatik joatea. Ez baldin bazen minbiziarengatik, bere oraingo bizitza lehengoa baino gehiago gustatzen zaiola aitortu digu.

Osagilearengana hamabostero joaten da. Martxoan tratamendua aldatu behar izan zioten. Hirugarren tratamendu linearekin dabil orain. Gogorra da eta ondorio negatiboak ditu. Horregatik, ondo kontrolatu behar dute.

"Medikuek mediku gauzak" kontatzen dituzte, eta hori ondo dago, Agurtzaneren hitzetan: "Espero baduzu onkologo batekin harremana garatzea oso zaila da". Hotzegiak dira medikuak, informazioa oso neurtua ematen dute, baina berak denborarekin ikasi du hori ona dela, esan bezala. Berak nahiago du medikuak seguritatez hitz egitea. Baita heriotzari buruz ere?, galdetu diogu, baita berak argi erantzun ere:  "Hori ez daki inork, zenbat gelditzen zaigun. Hori ez daki onkologo batek". Oso presente dauka, baina, heriotzaren aukera. Eta, seguruenik, denok izan beharko genuke, denontzat helduko delako momentua, Agurtzanek esan digun moduan, minbizia izan ala ez.

Bularreko minbizi metastasikoa dutenen elkartean berdinen arteko laguntasuna aurkitu du. Gogorra ere bada, hainbat taldekide agurtu behar izan dituztelako azken aldian, baina, kolpeak kolpe, konpentsatzen du. "Familia gabe ez nuke arnasik ere hartuko, baina ez daude egoera berean: berdinen artean hitz egitea oso inportantea da", azpimarratu du Agurtzanek.

Bularreko minbizi metastasikoa dutenen mezua da euren etorkizuna ikerketari lotua dagoela, eta eurentzat ere zilegi dela etorkizuna. Egia da sendaezinak direla, hori da alde itsusia, "baina hortxe gaude". Bularreko minbiziaren ikerketarako bideratzen den aurrekontutik %6 bakarrik bideratzen da metastasira. "Gure helburua da egonkortu, kronifikatu" eta horretarako diru gehiago inbertitu behar da. Abian jarri dituzten kanpainetan jendearen erantzuna oso ona izan da. Azken batean, guztiok ezagutzen dugu minbizia duen edo izan duen norbait. Edozeini gerta dakioke eta, horregatik, Agurtzanek kontatu digun moduan, beraien borroka atzetik datozenentzako ere bada. Berak dioen moduan, "ez ahaztu gurekin, oso bizirik gaude".

Etorkizunaz galdetuta, argi erantzun du: "etorkizuna gaur da". Eta bere egoera berean dauden lagunei mezu bat ere luzatu die: "Gogorra da, baina ez eman sekula santan amore. Burua gora, begirada frentean eta aurrera beti".