Faktoria
Eguneko efemeridea
Gaurko egunez zendu zen Joseph haydn konpositore austriarra
1809ko maiatzaren 31n, suela 209 urte, hil zen sinfoniaren eta hari laukotearen aita.
-
3:33 min
Gaurko egunez, duela 209 urte, zendu zen Joseph Haydn konpositore austriarra. Bera dugu protagonista, efemeridearen tarte honetan.
Sinfoniaren eta hari laukotearen aita, deitzen diote Joseph Haydeni. Eta azken hiru mendeetan, Europa mendebaldean garatu diren genero instrumental handienak dira sinfonia eta hari laukotea. Beraz, ez da nolanahikoa, konpositore honek utzi duen arrastoa. Hori berretsi digu Ane Ibarra biolin-jotzaileak. Handia izan zen hari laukotearen konposizioari egin zion ekarpena. Mozart eta Beethoven musikagile handiek ere eredutzat hartu zuten, gerora, Haydenek proposatutako egitura hura.
Baina goazen hasierara. Franz Joseph Hayden, Austriako Rohrau hirian jaio zen, 1732an. Zortzi urterekin, Vienako katedraleko koruan kantatzen hasi zen. Ez zuen musika heziketa formalik eduki, baina aparteko dohainak zituen. Eta bere kabuz ikasi zuen, beste musikari batzuen obrak entzunez.
Hogeita hamar urte ere ez zituela, Esterhazy familia noblearentzat hasi zen lanean. Neurri handi batean, haientzat egindako konposizio mordoari esker da, hain oparoa, Haydenen lana.
Garai hartan, ohikoa zen konpositoreak nobleziaren soldatapeko izatea. Baina ez, egunero-egunero, pieza bat sortu behar izatea. Beste musikari batzuek hilabeteak behar zituzten, sinfoniak egiteko. Horregatik, Haydenen gaitasun sortzailea, harrigarria zen. Baina kantitatea ez ezik, kalitatea ere bai. Nazioarteko ospea zuen. Londresen lan egiteko ere deitu zioten, eta bi egonaldi egin zituen han.
Hain zuzen, 104 sinfonia, 68 hari laukote, eta hamarnaka sonata utzi zituen idatzita. Operak eta mezak ere bai, besteak beste.
Joseph Hayden gaurko egunez hil zen, 1809an, Vienan. Baina bere obra hilezkorra da. Kreazioa da, Haydenen lan handienetakoa. Eta hara non, La Fura del Baus konpainia ezagunak, doinu hauetan inspiratutako ikuskizun batekin, zabalduko duen aurten, Donostiako Musika Hamabostaldia. Abuztuaren 2an da, hitzordua.