Faktoria
Eguneko efemeridea
Marilyn Monroek, bizirik balego, 92 urte beteko zituzkeen gaur
Mito ilehoria 1926ko ekainaren 1ean jaio zen Los Angelesen, Kalifornian.
-
3:10 min
Norma Jean Mortensen 1926an jaio zen, gaurko egunez. Norma Jean Baker izenez bataiatu zuten gero, amak bere lehen senarraren deitura erabiltzen baitzuen. Baina munduak, Marilyn Monroe baino, ez zuen ezagutu.
Izen-deiturak bezain moldagarria izan zuen bizitza. Modelo lanetan aritu zen Bigarren Mundu Gerran. Hollywooderako saltoa etorri zen gero, baina ordainsari garestiaren truke. Eraldaketa fisikoa, ekoiztetxeek marraztutako ametsetako emakumea, errealitate bihurtzeko, Iratxe Fresneda, ikus-entzunezko komunikazioko irakasleak esan digunez. Fisikoki aparta ez ezik, gizonen mendekoa behar baitzuen, Marilyn Monroek. Emakume desiragarria, zentzu guztietan.
Bere filmografia osoak irudikatzen du hori. Baina bat aukeratzekotan, Tentazioa goian bizi da filmeko eszena ahaztezina aipatuko genuke.
Neska materiala, kantatzen zuen Madonnak, Monroeren mitoan inspiratuta. Marilynek ondo zekien hala ikusten zutela gehienek. Azaleko emakumea, funtsik gabea. Irudi hori aldatzen ahalegindu zen bere azken urteetan.
Alferrik, ordea. 1962ko maiatzean, zorionak zuri kantatu zion, bere maitale izan omen zen John Fitzerald Kennedy presidenteari. Beste irudi ikoniko bat. Ezin mitoari ihes egin.
Bi hilabete pasatxo geroago hil zen, 36 urte besterik ez zituela. Itxuraz, bere buruaz beste egin zuen, barbiturikoak irentsita. Baina hilketaren mamua, Marilyn Monroeren mitoa bezain bizi dago, oraindik ere.