Itxi

Faktoria

Sukaldari Dema

Gereziak bi eratara: izkiratzarrekin carpaccio erara eta yogur izozkiarekin

Pili Manterolak plater gazia prestatu du eta Igor Zalakainek, berriz, gozoa.

  • 13:42 min
imagen player
imagen player
imagen player

Pili Manterola: Izkiratzarrak carpaccio erara gereziekin

Osagaiak:

Izkiratzarrak (ganba gorriak edo otarrainxkak ere erabil ditzakegu), gereziak, gatza, olioa eta barazki ernamuinduak (platera apaintzeko).

Nola prestatu:

Izkiratzarrak, gordinik, zuritu egingo ditugu. Buru eta azalak, buruak apur bat zapalduta, zuku guztia atera dezaten, zartaginean jarriko ditugu, olioarekin. Sutan utziko ditugu, euren saltsa ateratzen joan dadin. Bitartean, zuritutako izkiratzarrak erditik ebaki, zabaldu eta erdiko heste beltza kendu egingo diegu. Gero filmean batu eta zapaldu egingo ditugu, haragia zabalduta eta fin-fin gera dadin. Erretilu batean jarriko ditugu.

Gereziei hezurra kendu eta ondo txikituko ditugu. Izkiratzarren gainetik bota.

Amaitzeko, zartainean murrizten utzi dugun zuku hori, iragazi ostean, biberoi erako ontzi batean sartu eta izkiratzarren gainetik bota, zirkuluak bezalako formak eginez. Gatza eta olioa ere egingo diogu. Eta azken ukitu gisa, barazki ernamuindu gutxi batzuk jarriko ditugu.

Igor Zalakain: gerezi eta yogur zopa hotz-epela

Osagaiak:

Gereziak (hezurrak kenduta), azukrea, gurina, bainilla, yogur naturala, esnegain harrotua, gerezi likorea (nahi bada).

Nola prestatu:

Zartagin batean, azukre koilarakada bat eta gurin zati txiki bat jarriko ditugu sutan. Azukrea urtzen hasten denean, gereziak botako ditugu. Bainilla zati bat erditik zatitu eta bota egingo dugu barruko haziak eta guzti. Bost-sei minutuz utziko dugu nahasketa sutan. Nahi bada, 3-4 koilarakada likore botako dizkiogu. Lehenengo momentuan, saltsa hau mehe xamarra geratuko da. Hortaz, 5-6 minutu gehiago emango dizkiogu sutan. Gereziak atera egingo ditugu, baina, eta ura murrizten utziko dugu.

Izozkailuan izotza egiteko ditugun plastikozko laukitxodun molde bat hartuko dugu eta bertan sartuko ditugu yogurrarekin, azukrearekin eta esnegain harrotuarekin egindako nahasketa. Izoztu.

Aurkezteko, plater sakon bat hartu eta bertan jarriko ditugu gereziak, epel oraindik, eta erdi-erdian yogur eta esnegainezko bi karratu jarriko ditugu, momentuan joan daitezen urtutzen. Gereziekin batera, basa-fruituak edo marrubiak ere jar ditzakegu.